Naiz Irratia

Mitxel Lakuntza: “Politiketan ez da aldaketarik izango konfrotazio demokratikorik gabe”

2024/05/02
Maiatzaren Lehenaren balorazio ona egin du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Naiz irratian egindako elkarrizketan. Atzokoa “konfrotanzio demokratikoaren balioa” aldarrikatzeko eguna izan zela azpimarratu du, ELAren eguneroko jardun sindikalak erakusten baitu talkarik gabe ez dagoela lorpenik.

Ildo horretan, kezkatuta mintzo da zerbitzu publikoen egoeraz. “Inbertsio falta dago”. Osakidetza edo Osasunbidea herri honetako ETTrik handienak direla oroitarazi du, behin-behineko langileen kopuruak %50ko langa gainditu baitu, Europak %8koa izan behar duela agindu arren. Eta zaintza profesionalekin beste hainbeste gertatzen dela ziurtatu du, azpikontratazio sare onargaitzekin. “Hego Euskal Herrian 120.000 lagun daude zerbitzu publikoetan azpikontratatuta”.

Horren aurrean, konponbiderako proposamenik ez dagoela dio Lakuntzak. EAEko Jaurlaritza berriari begira, ez du aldaketarik espero. “Ikusiko ditugu aurpegi berriak, baina politika zaharrak egiten”. Gatazka sozial eta politikoak zabalik jarraitzen du, ordea, eta ezkerrari, bereziki EH bilduri, “eskatzen dioguna da eredu alternatibo bat defendatzea, oposizioa eginez”. Izan ere, 'herri akordioak' nekez lortuko dira orain arte botere ekonomikoen aldeko politikak egin dituzten EAJ eta PSErekin, dioenez. Horregatik, sindikatuen, eragileen eta oposizioko alderdien elkarlana beharrezkotzat jo du. “Aldaketak ez dira etorriko konfrotaziorik gabe”. Bestela, ohartarazi du akordio horiek, konfrontatzen ez denean, “eskuinaren edukiak” jasotzen dituztela.

Are gehiago enpresek inoizko etekinik handienak lortu dituzten honetan. “Enpresa askok hartu dute lan baldintzak prekarizatzeko hautua, lan etekinak handitzeko”. Horregatik, sindikatuaren jarduanz gain, presio politiko gehiago eta lan harremanen euskal esparru propioa defendatu ditu.

Elkarrizketa osorik, HEMEN