PENTSIOEN ERREFORMA
Mitxel Lakuntza: “Sanchezen agendan dago erreforma; EHko alderdiek geldiarazi behar dute”

Bilboko kaleak zeharkatu dituen manifestazioaren aurretik, ELAk Campos Antzokian egin du ekitaldia. Bertan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak mobilizaziorako deia egin du, geldiarazteko Sanchezen pentsioen erreforma, Europako funtsen truke. Lakuntzak ziurtatu du Zapaterok ezarritako pentsioen erreformaz geroztik, gero eta urte gehiagorekin eta pobreagoa hartzen dugula erretiroa: “2014tik, EAEko pentsioen erosahalmenak 4,5 puntuko galera izan du, eta urte eta erdi geroago jubilatzen gara. Orain, Escrivá ministroak iragarritako erreformak bide horretan sakontzea ekarriko du”. Horregatik, Madrilen ordezkaritza duten Euskal Herriko alderdi politikoei eskatu die euren botoak erabil ditzatela erreforma geldiarazteko. “Mehatxu erreal bat da. Erreforma Sanchezen Gobernuaren agendan dago”.
Ildo horretan, ELAko Ikerketa Bulegoko Janire Landaluzek ekitaldian gogorarazi duenez, pentsioak kalkulatzeko urte kopurua handitzean, gobernuak egin nahi duen bezala 25 urtetik 30era, pentsio berrien zenbatekoan eragin negatiboa izango du.
Bestalde, Esther Saavedra ELAko Osakidetzako arduradunak adierazi du Eusko Jaurlaritzak osasun publikoan egiten duen inbertsioa Europako txikienetakoa dela, bai ekonomikoki (BPGaren % 4,9 EAEn, Europako batez bestekoa % 7 izanik), bai 1.000 biztanleko profesionalen kopuruari edo ohe kopuruari dagokionez (3,3 ELGAko batez bestekoaren 4,7 izan beharrean). Saavedrak ere larunbateko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.
Era berean, kalitatezko zerbitzu publikoak izateko eta herritar guztiei diru sarrera duinak bermatzeko, Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoko kideak eskatu du politika fiskala goitik behera aldatzea, eta kritikatu du euskal erakundeak fiskalitateari buruzko eztabaida irekitzearen aurrean erakutsitako kontrakotasuna. “EAJ ez dago eroso aberatsek edo Iberdrola, Petronor edo Kutxabank bezalako enpresek zerga gehiago ordaintzearekin”. “Gizarte ekintzarik onena zergak ordaintzea da”, amaitu du Murgiak.
Leire Gallego Gizarte Ekintzako arduradunak salatu duenez, bestalde, langileek % 15 gehiago ordaintzen dute oinarrizko elikagaiengatik, eta batez beste 3.600 euro gehiago urtean hipotekengatik, bankuengatik eta oligopolio energetikoagatik. Horrela, langileria pobrezia energetikora eta etxebizitza bezalako oinarrizko eskubide sozialik ez izatera kondenatzen da.
Pello Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradunak, azkenik, adierazi du sindikatua, antolakuntza eta greba ezinbestekoak dira langile klaseak pairatzen ari den pobretze politikari aurre egiteko. Grebak eraginkorrak izan daitezen, funtsezkoa da guztiei estaldura emango dien Erresistentzia Kutxa bat izatea, hala nola ELArena, hilabeteko greban dagoenari 1.323 euro bermatzen dizkiona. Eta hori afiliatu guztien ahaleginari esker lortzen dela ziurtatu du.