A30 GREBA FEMINISTA OROKORRA
Mitxel Lakuntza: “Zaintzak eskubide bat izan beharko luke, ez pribilegio bat”
Azaroaren 30eko greba orokor feminista lantoki guztietara eramateko, ELAK 3.000 delegatu batu ditu bi egunotan Hego Euskal Herrian egindako asanbladetan. Hala adierazi du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Bilboko asanbladaren amaieran, Euskalduna Jauregiaren atarian. “Grebaren aldarriak elkarbanatu, eta delegatuak aktibatu ditugu aldarri horiek lantokiz lantoki lantzeko”.
Izan ere, “lehen mailako auzi politiko baten aurrean” gaudela ziurtatu du idazkari nagusiak. “Zaintzak eskubide bat izan beharko luke, ez pribilegio bat”. Erakundeek utzikeriaz jokatzen dute, ordea, egoera larria bada ere. “Zaintzaren bat behar duen herritar asko artatu gabe daude, eta artatzen diren horiek enpresa pribatuen bidez artatzen dira. Erakundeek euren erantzunkizunari bizkar eman, eta enpresa pribatuen esku uzten dute zaintza”, deitoratu du Lakuntzak.
Horregatik, greba honen bidez zaintza sistemaren eraldaketa proposatu nahi dela gogorazi du Lakuntzak, eta defendatu du zaintza sistema publikoa, unibertsala, doakoa, kalitateazkoa eta erantzunkizun partekatuan oinarritutakoa. Aldarri horiek gizarteratzeko, manifestazioa egin dute sindikatuko kideek Bilbon. Euskalduna Jauregitik abiatu, Jaurlaritzaren egoitzatik pasa, eta Aldundiaren aurrean amaitu da protesta.