Euskadi Irratia
Mitxel Lakuntza: “Zerbitzu publikoen kontrako oldarraldia dago Jaurlaritzak, patronalak eta Mondragon Taldeak gauzatuta”

Idazkari nagusiak ere uste du Europako Justiziak gehiegizko behin-behinekotasunaren inguruan emandako sententziak ELAk esandakoa berresten duela: “Aldi baterako langileak %8ko mugara txikitu behar direla dio legeak, eta sententziak erakusten du erakundeak ez direla ari egin beharrekoa egiten”. Gainera, ohartarazi du deitutako oposizioek ez dituztela lanpostu berriak sortuko, gutxi batzuk egonkortuko baizik.
Langile eta zerbitzu publikoen kontrako “oldarraldia” dagoelakoan da Lakuntza, eta azpimarratu du Jaurlaritzak, patronalak zein Mondragon Taldeak kontrako diskurtsoak elikatzen dituztela. Azken horretako Iñigo Ucin taldeko buruak Foro ekonomiko batean gutxietsi zituen langile publikoek, esanez lanpostua lortu, eta segidan egiten dituztela grebak, eta ez zutela enpresa pribatuko estresik jasan beharrik, besteak beste. Hori dela eta, Lakuntzak oroitarazi du greben %3 bakarrik egiten direla zerbitzu publikoetan.
Kezkatuta ere mintzatu da oposizioetako euskara eskakizunen epaien inguruan. “Epai euskarafobo horiek erakusten dute zein asmo politiko dagoen: gazteleraren hegomia bermatzea”. Sententzia horien gainetik erabaki politikoak behar direla dio, errespetatzeko bai erabiltzaileen, bai langileen hizkuntza eskubideak. Horregatik kritiko da Jaurlaritzak onartutako euskararen dekretuarekin: “Euskararen Legeak gazteleraren hegemonia betikotu du, PSEren betoak onartuta”. Gogorarazi du Jaurlaritzari helarazi zitzaiola 15 urtean langile publikoak elebidun izateko proopsamen bat, baina ezezkoa eman ziola.
Hauteskundeei begira, Lakuntzak ez du uste sakoneko neurri berririk planteatu denik jendearen kezkei erantzuteko: bizitzaren garestitzeari, zerbitzu publikoen gainbeherari, etxebizitzari... “Gizartea eraldatu nahi bada, fiskalitateari buruz hitz egin behar da”. Baina alderdien artean “adostasuna” ikusten du gai hori ez jorratzeko. “Adostasuna definizioz ez da ona, edukien arabera izango baita. Ezkertiartzat euren burua dutenek, alternatiba bat defendatu behar dute”.
Beste hainbat gai jorratu dituzte honako elkarrizketan: hemen.