ELKARRIZKETA BIZKAIA IRRATIAN

Mitxel Lakuntza: "Gutxieneko soldata Madrildik inposatzen zaigu, Herri Ekimen Legegile baten bitartez eskumena lortu nahi dugu"

2025/01/16
Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusia Bizkaia Irratiako 'Goizeko izarretan' saioan elkarrizketatu dute. Besteak beste, Gazako egoera, Gutxieneko Soldataren proposamena, Hezkuntza Publikoan iragarritako greba, Zedarriak foroaren txostena eta euskararen aurkako oldarraldia izan ditu hizpide.

Entzun elkarrizketa hemen

Gazako su-etenaz galdetuta Lakuntzak gogor kritikatu du Israelen genozidio politika, 46.000 palestinarren heriotza eragin duen gatazkaren testuinguruan. "Berandu iritsi da su-etena. Europako Gobernuek eta instituzioek izan duten konplizitatea eta Estatu Batuen inplikazio zuzena salatu behar da militarizazioa handitzen ari den mundu honetan", gaineratu du.

Zedarriak foroak atzo Eusko Jaurlaritza, Aldundi eta gizarte ordezkari askoren aurrean egindako agerraldian, EAEko industriari bultzada emateko,  armagintza eta energia nuklearra indartzearen alde egin zuen. Lakuntzak larritzat hartu du gertatutakoa: "Instituzioen aurrean eta gizartearen aurrean egin da proposamen hau, eta Eusko Jaurlaritzak ontzat eman zituen atzo esandako horiek. Oso larria da Eusko Jaurlaritzatik inor atera ez izana esanez hau ez dela hartu beharreko bidea. Gaur egungo politika zein parametroetan mugitzen den ikustarazten digu". Era berean, gogorarazi du ELAk duela gutxi argitaratutako txosten bat, zeinetan Europar Batasunaren norabidea aztertzen den. "Orain ikusten ari gara munduan hedatzen ari den tendentzia dela militarizazioa NATOk eskatuta,  zerbitzu publikoak indartzeko edo behar den trantsizio ekosoziala bideratzeko proposamenak egin beharrean".

Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko ELAk hartutako bideari buruz, Lakuntzak azpimarratu du fondoko arazoa dela Euskal Herrian ezin dugula SMI erabaki, ez dagoelako eskumenik horren gainean arautzeko. "Ikusita patronalari zenbat kostatzen zaion KPI adostea hitzarmenetan, Lanbidearteko Akordioa ezin da izan bide bakarra", azaldu du. Hori dela eta, Herri Ekimen Legegilea (HEL) abian jarriko dela adierazi du: "Alderdi politikoei eskatuko diegu Madrilen planteatzea langileen estatutua aldatzea Gutxieneko Soldata hemen adosteko eskumena izan ahal izateko". 1.795eurokoa izatea eskatzen du ELAk, eta kopuruari dagokionez, Lakuntzak ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak berak 1.600 euroren bueltan kalkulatzen duela pobreziaren langa. Gainera, ondoko herrialdeetan kopuru horiek dituztela azaldu du eta kalkulua egiteko BPG kontuan hartuta, aberastasuna banatzeko modu bat izango litzatekeela dio. Neurria onartzekotan, 300.000 langileei mesede egingo lioke, batez ere emakumeak, gazteak eta etorkinak. 

Euskaraz bizi eta lan egiteko eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratzea deitu du gaurko ELAk. Lakuntzaren aburuz, "oldarraldi horretan salto bat emateko beharra dago", izan ere, "ematen du diskriminatzailea dena euskara dela eta justu kontrako egoera batean gaude". ELAren idazkari nagusiak uste du konformismorako arrazoirik ez dagoela, "euskararen alde mugitzen garen guztiok badugu zer hausnartu eta presio politiko bat sustatu". 

Hezkuntza publikoan datorren astean deitutako greba egunei begira, Lakuntzak azaldu du hitzarmen gehienak berritu gabe daudela Administrazioan, “aspalditik”. “Lan zamak eta ratioak nola dauden ikusita, inbertsio publiko falta agerikoa da”. "Europar Batasunean hezkuntzan egiten den inbertsioaren bataz bestekora parekatzeko, 800 milioi euro beharko lirateke", gaineratu du.

Azkenik, automobilgintzaren sektoreko egoeraz galdetuta, ELAren idazkari nagusiak zehaztu nahi izan du Euskal Herrian, autogintza etenikak dituela eta ez dagoela momentu txar batean.