ELKARRIZKETA

Mitxel Lakuntza: "EAJk Confebask patronalari presioa egiteko tartea du, hemen LGSa erabaki ahal izateko"

2026/03/05
Mitxel Lakuntza: "EAJk Confebask patronalari presioa egiteko tartea du, hemen LGSa erabaki ahal izateko"

Entzun elkarrizketa hemen

AEBek eta Israelek Iranen aurka hasitako gerrari buruz, Lakuntzak adierazi du bi herrialdeetako gobernuak “mehatxu bat” direla. “Militarismoaren eta inperialismoaren” aurrean, giza eskubideak defendatzea “betebehar morala” dela azpimarratu du. Halaber, ohartarazi du, oraindik ziurgabetasuna badago ere, litekeena dela inflazioa handitzea, eta horren kostua “langile klaseak ordainduko” duela. Horrek “ahalegin handiagoa eskatuko du negoziazio kolektiboan erosteko ahalmena berreskuratzeko”.

Euskal industriaren egoerari dagokionez, ELAko idazkari nagusiak adierazi du “ehun industriala gainbeheran” dagoela, eta aldi berean zerbitzuen sektorea hazten ari dela, baldintza kaskarragoekin. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzari “industria politikan norabide aldaketa” eskatu dio. Zehazki, enpresa estrategikoen sustraitzea bultzatzearen alde agertu da, eta kritikatu du Jaurlaritzak diru publikoa baldintzarik gabe enpresa pribatuen esku uztea.

Tubos Reunidos enpresari buruz ere hitz egin du: azaldu duenez, “akziodunek 170 milioi euro jasotzeko helburuarekin, enpresa bera zorpetu zen bere etorkizun industriala arriskuan jarriz”. Horregatik, bideragarritasun plan bat planteatzea defendatu du, eta horrek “EREa berehala kentzea” ekarri beharko lukeela azpimarratu du.

Martxoaren 17rako deitutako greba orokorrerako bi aste falta direnean, Lakuntzak berriro azpimarratu du Hego Euskal Herrian 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzeko beharra. Gogorarazi du proposamen horrek erreferentzia hori baino LGS baxuagoa ezartzea eragotziko lukeela, eta autonomia erkidegoek igo ahal izango luketela Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatuko balitz.

Lakuntzaren arabera, greba deialdiak jada pauso batzuk ematea eragin du. Horren adibide EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean gaur bertan aurkeztutako mozioa, eta Nafarroan EH Bilduk eta Geroa Baik erregistratutako lege proposamena. Era berean, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzálezek ere gutxieneko soldata propio baten alde agertu dela nabarmendu du.

Ildo horretan, Lakuntzak azpimarratu du “EAJk oraindik baduela tartea Confebask patronalari presioa egiteko”. Gainera, gogorarazi du EAEko Auzitegi Nagusiaren epai batek patronalak negoziatzeko eskumenak eta erantzukizunak dituela jasotzen duela. Horregatik, sindikatuak hurrengo bilkurara —CRLn— “epaia eskuan” joango direla iragarri du, eta ohartarazi: “Confebaskek ezin du ostrukaren estrategiarekin jarraitu. 1.200 euroko soldatak defendatzea prekaritatea defendatzea da”.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketako eskola-jangeletako sektoreko grebari buruz, Lakuntzak argitu du “ez dagoela ogitartekoa jatea debekatzen duen jarraibide sindikalik”, eta erabakia ikastetxe bakoitzaren eskumena dela.