Mitxel Lakuntza (Bizkaia Irratia): "Hasieratik esan genuen Tubacexen inor ez zegoela sobera, eta hori da lortu duguna"

2021/10/05
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak balioa eman dio Tubacexen lortutako akordioari, 236 eguneko grebaren ostean 129 pertsona euren lanpostuetara bueltatzea ahalbidetu duena. Bizkaia Irratian azpimarratu duenez, hasieratik ezarritako helburua lortu da, hau da, langileek euren lanpostuak mantenduko zituztela bermatzea. Era berean, nabarmentzekoa da Tubacexen tamainako enpresa batean horrelako garaipen batek duen garrantzia, agerian geratu baita langileen antolaketak eta borroka sindikalak fruituak ematen dituela, baita horrelako enpresa handi eta estrategikoetan ere.

Espainiako Estatuan negoziatzen ari diren pentsioen erreformei buruz ere hitz egin du Lakuntzak. Hala, EAJri, EH Bilduri eta Podemosi zuzenean eskatu die aurka bozkatzeko, pentsioen erreforman murrizketarik ez bermatzeko.

ELAko idazkari nagusiak langabeziaren jaitsiera albiste ona dela iritzita ere, behin-behinekotasun handia dagoela eta langabeen %57 emakumeak direla gogorarazi du. Sektore feminizatu eta prekarizatu askotan emakumeek pairatzen duten soldata arrakala ekarri du gogora elkarrizketan.