ELKARRIZKETA

Mitxel Lakuntza: "Bizkaiko Aldundiaren akordioarekin agerian geratu da EH Bilduk oposizioa egiteari uko egin diola"

2024/12/17
ELAren idazkari nagusia elkarrizketatu dute goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioan. BSHk Ezkirotzen (Nafarroa) duen lantegiaren itxiera, hezkuntza publikoan iragarritako grebak, aurrekontuak eta etxebizitza politika izan dute hizpide, besteak beste.

ENTZUN ELKARRIZKETA HEMEN

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia oso kezkatuta azaldu da Eskirotzen 660 langile kalean utziko dituen BSH lantegiaren itxierarekin: "Langileak shock egoeran daude, ez zuten susmorik" eta gogora ekarri du, 60 milioiko etekinak izan zituela iaz enpresa honek. Gauzak horrela, "onartezina" dela esan du ERTEa aplikatzea. Presio sindikala egiten jarraituko dutela iragarri du eta Nafarroako gobernuaren esku hartzea eskatu du, "bestelako bideragarritasunik ba ote dagoen ikusteko", baina salatu du Nafarroako industria eredua multinazionalen menpe dagoela eta horrek menpekotasun handia sortzen duela, "erabakiak Frankfurten edo Munichen hartzen direlako eta ez hemen".

EAEko Hezkuntzan iragarritako greba egunez

Greba sortari buruz galdetuta, azaldu du hezkuntzan greba gehiago egingo deitzearen arrazoia dela Eusko Jaurlaritza ez duela benetako hobekuntzarik mahaian jarri: "lan karga, erosteko ahalmenaren galera, behin-behinekotasuna… Gobernuak ez dio negoziaketari edukiekin helitzen eta hori non ikusten da? Aurrekontuetan. Hezkuntzan, 800 milioi gehiago beharko lirateke baina ez da ahalegin hori egin nahi".

Bizkaiko aurrekontuak

Bizkaian, Aldundiak eta EH Bilduk lortu duten akordioa kezkagarria dela esan du Mitxel Lakuntzak: "Kezkagarria EH Bilduk erabaki duelako oposiziorik ez egitea eta alternatibarik ez planteatzean.  EAJ-k eta PSEk osatu duten marko neoliberala ontzat ematea erabaki du, eszenifikazioa lehenetsiz edukien gainetik eta ezkerraren papera ez da hori. Alternatiba argi bat faltan botatzen dugu".

Zerga erreformaz eta etxebizitzaren arazoez

ELAko  idazkari nagusiak ez du uste sakoneko erreformarik egin denik arlo fiskalean eta salatu du EAEn bezala Nafarroan ere, gutxi biltzen dela, langileak zigortzen direla eta iruzur fiskalari bide ematen zaiola. Etxebizitzaren krisiari aurre egiteko proposatu diren kenkariak ez direla nahikoak izango adierazi du, konturatu behar dugu "oinarrizko eskubideekin duela zerikusia etxebizitzaren arazoak eta ez negozioarekin".