Bizkaia Irratia

Mitxel Lakuntza: “Confebask da soldata arrakalaren arduradun nagusienetakoa”.

2025/10/07
Mitxel Lakuntza: “Confebask da soldata arrakalaren arduradun nagusienetakoa”.
Cofebaskek soldata arrakalaz ateratako txostenaren harira, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak gogorarazi du patronala dela arrakala horren erantzule nagusienetako bat. Bizkaia Irratian azaldu duenez, sektore feminizatuetan, hala nola, garbikuntzan, zaintzan, ostalaritzan edo merkataritzan, patronalak industrian baino jarrera “gogor eta autoritarioagoa” du, eta horrek asko zailtzen du hitzarmenak sinatzea eta lan baldintzak hobetzea. “Hemen hautu bat dago patronalaren aldetik sektore feminizatuetan soldata arrakala mantentzeko”. Horregatik, “arriduraz” jaso du patronalaren txostena.

Palestinako mobilizazioez, bestalde, Euskal Herriko sindikalgintza “ahots propioa” izatearen garrantzia azpimarratu du Lakuntzak. Oroitarazi du ez dela “ELAk nahi zuen mobilizazioa”. Izan ere, aldez aurretik Palestinako genozidioa salatzeko eta Israelen aurrean boikota eskatzeko LABekin mobilizazio egun bat antolatzeko lanean ari zen sindikatua, baina LABek nahiago izan du estatuko sindikatuek egindako urriaren 15eko deialdiarekin bat egitea. Egoera ikusita, eta langileak ataka estuan ez jartzeko, ELA ere mobilizatuko da egun horretan, lau orduko lanuzteak deituta eta euskal esparruaren defentsa alboratu gabe, mezu garbiarekin: Israeli ezin zaion ezer erosi, ez saldu.

Zaintzaren publifikazioaren aldeko biharko mobilizazioa dela eta, Lakuntzak gogorarazi du zerbitzuak hobetzeko ezinbestekoa dela zaintza esku pribatuetatik atera eta publifikatzea, langileen lan baldintzak hobetzearekin batera, zerbitzua hobetzen delako.

Bestelako gaiak ere landu ditu elkarrizketan. Entzun osorik hemen.