ELKARRIZKETA

Mitxel Lakuntza: "ELA izan da Hezkuntza Publikoan langileekin gutxieneko edukiak zehaztu dituen sindikatu bakarra"

2025/05/13
Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusia EITBko Egun On saioan elkarrizketatu dute. Hezkuntza Publikoaren akordioa, Bridgestonen azken proposamena, Gutxieneko Soldata propioa eta ELAren 16.Kongresua izan dute hizpide, besteak beste.

Bridgestonek egindako azken proposamenaren harira, ELAren idazkari nagusiak defendatu du EREa bertan behera uztea dela negoziaketaren abiapuntua. "Enpresak ez ditu argitu kaleratzeen zergatiak. Etekinak izanda horrelako erabaki bat onartezina da", gaineratu du.

Hezkuntza Publikoan lortutako akordioari buruz galdetuta, Mitxel Lakuntzak azaldu du akordioa eskasa dela eta aurrerapen partzialak eskaintzen dituela, "edozein kasutan, etorri dira egin diren grebei esker". Hala ere, Lakuntzak argi esan du: "Aldarri horiek bete gabe eta irakaslegoa grebari eusteko prest egonda ez dugu ulertzen zergatik sinatu duten". Ildo horretatik, akordio bat lortzeko bidean, "langileekin gutxieneko edukiak zehaztu dituen sindikatu bakarra" ELA izan dela azaldu du. Lortutako akordioan ez direla bete langileen aldarriak eta asmoak eta, finean, egiturazko aldaketarik ez dela eman gaineratu d: "Sasi-akordioa lortu da".

ELAk negoziaziorako borondaterik ez duela esaten dutenen aurrean, Lakuntzak erantzun du ELA dela akordio gehien sinatzen duen sindikatua, urtero 250 hitzarmen baino gehiago sinatzen dituela. Eusko Jaurlaritzarekin ere, duela gutxi Hezkuntzako Sukalde eta Garbiketa sektorean akordioa lortu zuela gogorarazi du. 

Gutxieneko Soldata propioa lortzeko bidea hasi besterik ez dela egin berretsi du Lakuntzak. Patronalak lanbidearteko akordioa negoziatzeari uko egin zion arren, Herri Ekimen Legegilearen bidea irekitzear dela azaldu du. "Patronalak ez du herri honetako egoera sozioekonomikoa onartu nahi, Espainiak inposatutako Gutxieneko Soldatarekin ez du ematen hemen bizitzeko; prekaritatearen alde egiten du patronalak", salatu du. 

Hurrengo hilabeteetan sinadurak bilduko dira Gutxieneko Soldata propio baten alde, eta Eusko Legebiltzarrera helduko da gaia. "Galdera zuzena egingo zaie alderdi politikoei: LGS hemen erabakitzearen alde zaudete? Eta erantzuna baiezkoa baldin bada, Madrilgo Kongresuari eskatuko zaio eskumen hori", esan du. 

Estatus berriaren eztabaida dela eta, informazio eza salatu du Lakuntzak:"autogobernuaren aldeko edo burujabetzaren aldeko prozesu bat egin behar baldin bada, herriaren babesarekin eta jendearen parte hartzearekin egin beharko da". Abiapuntuarekin kezkatuta dagoela azaldu du: "Ez dakigu ezer edukiei buruz, denborei buruz...ezta marra gorriak non dauden, pentsatu behar da PSEk ezarri dutela". Lan munduan, markoa "oraindik" Madrildik "ezartzen" jarraitzen dela salatu du: "Madrildik erabakitzen dira oraindik lanaldia nolakoa izan behar duen, gutxieneko soldata, kaleratzeak nola egin behar diren.."