MITXEL LAKUNTZARI ELKARRIZKETA

"Errealitateak erakusten du ELAk garatzen duen kontraboterea ezinbestekoa dela langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko”

2023/10/12
Kurtso politiko berriaren hasierarekin batera, ELAko idazkari nagusiak pil-pilean dauden gai ekonomiko, sozial eta politikoei buruz hitz egin du, hala nola greba orokor feminista, egoera ekonomikoa, negoziazio kolektiboaren egoera, Hezkuntza Legea, Lehendakariaren hitzak...

- Urte politiko berri bati ekin diogu. Zeintzuk dira ELAren erronkak datozen hileetarako?

Batik bat hiru dira: soldaten defentsa, zerbitzu publikoen defentsa eta azaroaren 30eko greba orokor feminista. Azken urteotako sindikatuaren lehentasuna izan da prekaritatearekin amaitzea eta horren kontra egitea lantokietarako propio pentsatutako lanarekin. Orain, erronka horiei batu zaie bizimoduaren garestitzea, bereziki langile klasea kolpatzen duena. Horregatik du horrenbesteko garrantzia hitzarmenetan gutxienez KPI adineko igoerak lortzea. Bestetik, zerbitzu publikoak dira oinarria gizarte justuago bat eta berdintasun handiagoa lortzeko, eta bermatzen dute pertsona guztien beharrizanak, hezkuntza, osasuna eta beste, edozein dela ere pertsona horren errenta.

- Zein aurreikuspen dago azaroaren 30erako sindikatuek eta gizarte mugimenduek deitutako greba orokor feministarako?

Espero dudana da, eta horretarako ari gara lanean, azaroaren 30ean Hego Euskal Herriko ahalik eta langile gehienek egin dezatela bat grebarekin, eta kalera irtetea defendatzeko zaintza sistema publiko bat, doakoa, unibertsala, ardura partekatuekin eta kalitatezkoa. A30eko grebaren helburua da zaintzaren garrantzia soziala eta politikoa aldarrikatzea. Funtsezko auzia da, denoi eragiten digu. Horregatik, lan horiek aitortuak izan behar dute, eta beste modu batean banatu behar dira. Lan horiek batik bat emakumeen gain daude. Horietako asko arrazializatuak dira, eta oso lan baldintza kaskarrak dituzte: soldata txarrak, behin-behinekotasun izugarria, kontratu partzialak eta lan osasuneko makina bat arazo.

- Sindikalismoak zein ekarpen egingo dio grebari?

Uste dut beharrezkoa dela greba dagokion testuinguruan kokatzea. Greba ulertzeko aintzat hartu behar delako Euskal Herriko mugimendu feministaren bultzada, eta diskriminazioaren eta emakume eta gizonen arteko arrakalaren aurka borrokan ari diren aliantzena. Orain grebak beste urrats bat egitea proposatu du, helburu konkretuekin. Gainditu behar dira azpikontratazioarekin erabat pribatizatutako zaintza sistema baten eraginak: enpresek etekinak lehenesten dituzte, ez pertsonen zaintza. Hori Iruñeko eta Gasteizko gobernuen erabaki politikoen ondorio da, halako sistema baten alde lan egin dutelako. Horregatik, greba honek gizarte osoa inplikatu nahi du, guztioi eragiten digulako. Lortu behar dugu azaroaren 30eko greba izatea aurrerapauso bat zaintza sistema aldarazteko.

- Zein egoera ekonomiko aurreikusten du ELAk epe labur eta ertainean?

Ekonomia moteltzen ari da eta badirudi datozen hiletan joera negatiboa izango dela. Errealitate hori nabarmenagoa da industrian. Zerbitzuek eta familien eskariak sostengatzen dute BPGaren hazkundea. Porrot egin dute inflazioa menperatzeko hartutako erabaki politikoek; ez du ez hanka, ez buru. Jakien prezioa %25 garestitu da bi urteotan; KPIa berriz ere hazten ari da, eta urte bukaerarako %4tik gora kokatuko da. Hori guztia enpresen eta bankuen etekinak markak hausten ari direnean. Hainbat erakunderen analisiek (Nazioarteko Diru Funtsa, Munduko Bankua, Observatorio de Márgenes Empresariales…) adierazten dute inflazioa batez ere puzten dutela enpresen etekinek eta espekulazioak. Baina agintariek, etekin neurrigabeei eta espekulazioari aurre egin ordez, langile klasea pobretzeko politikei eusten diete. Esaterako, interes tasak handitzen dituzte.

- Ohiko errezeta inflazio egoeretan...

Christine Lagarderen adierazpenak astakeria hutsa dira. Esan du langabezia maila txikia izatea arazo bat dela, langile klasea indartu egin duelako soldata galeren aurka borrokatzeko. Berak egiten duena izugarria da: Interes tasak handitzen ditu langabezia hazteko, eta bide batez, sindikatuek negoziatzeko duten boterea murrizteko; beti ere, soldaten igoera eragozteko. Beraz, propio nahi dute lan baldintzak okertu, enpresen mesedetan. Guk esaten dugunean botere politikoa botere ekonomikoen esanetara dagoela, horrelako kontuetaz ari gara.

- Zertan eragiten dio horrek lan hitzarmenen negoziazioari?

Inflazioa oso handia denean, patronalek badakite negoziatu gabe eta denbora pasatzen utzita, soldatak debaluatu egiten direla. Hala ere, ELAk lorpen handiak izan ditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (Nafarroako daturik ez daukagu) lehen seihilekoan langileen %56ari eragiten dieten hitzarmenak eguneratu dira (beste urte batzuetan baino askoz gehiago), eta greba kopuru handiei esker, soldatak hobetzea lortu da, erosahalmenik galdu gabe. Gainera, estatistikak erakusten du ELAk sinatzen duela hitzarmen gehien, eta horiek dituztela baldintzarik onenak. 2023ko batez besteko soldata igoera EAEn %4,93koa izan da (Gipuzkoan, ELAk hitzarmen gehien sinatu duen lurraldean, %5,78koa). Administrazioetan, aldiz, igoera %2,5ekoa baino ez da izan. Gobernuak enplegatzaile direnean soldata igoera urriagoa da.

- Langileen %40k ez dute oraindik hitzarmena eguneratuta…

Bai, eta hitzarmen horietako gehienak sektore feminizatuetakoak dira: merkataritza, garbitasuna, zahar etxeak, esku-hartze soziala... ELAren helburu nagusietako bat da sektore horietako genero diskriminazioari aurre egitea. Garaipen handiak lortu ditugu aurten, esaterako Bizkaiko adinekoen egoitzetan, Gipuzkoako ostalaritzan eta arropa dendetan. Garaipen bakoitzak asko inporta du, erakusten duelako posible dela gauzak hobetzea; bultzada izaten da guretzat. Horrek adierazten du ELAk garatzen duen kontraboterea ezinbestekoa dela langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko.

- Nolanahi ere, ELAri leporatzen diote grebak sektore publikoan deitu dituela hauteskundeei begira...

Eusko Jaurlaritzaren lehen erreakzioa izan da esatea greba ez dagoela justifikatuta. Datu bat: arlo publikoan (Eusko Jaurlaritzan, Aldundietan eta Udaletan) behin-behinekotasuna %49tik gorakoa da; azken hamar urteotan erosahalmenaren galera %20koa izan da, eta sektore gehienetan 10 urtetik gora daramate hitzarmenik berritu gabe.

Beraz, benetan ez dago grebarako arrazoirik? Zer gehiago gertatu beharko litzateke? Arazoa da gobernuak ez duela negoziatzeko asmorik. Patronala direnean, soldata igoerak txikiagoak dira, eta behin-behinekotasuna handiagoa. Aldiz, sektore pribatuko dozenaka akordiotan KPIa izan da gutxieneko langa. Argi dagoena da grebak eta mobilizazioa direla bidea elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa lortzeko.

- LABek erabaki du ez babestea urriaren 24an EAEko irakaskuntza publikoan deitutako greba...

LABek Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat sinatu zuen, hezkuntzan gutxiengoan izanda ere. Gainera, adostutakoa ez da batere zehatza, eta zerbait zehatzagoa dagoenean da eskubide galeraren bat ontzat emateko. Zein azalpen du horrek guztiak? Akordio horrekin sostengu sindikala eman nahi diote EH Bilduk, EAJ eta PSErekin, hezkuntzan sinatutako itunari. EH Bilduk bi alderdi horiekin akordiorik izan ez balu, LABek ziurrenik grebarekin bat egingo zukeen, gainerako sektoreetan bezalaxe. Horregatik ematen dio ELAk halako garrantzia sindikatuaren autonomiari, langileen interesak guztiaren gainetik jartzeko.

- Bide batez, zer gertatu da Hezkuntza Legearekin? Badirudi EAJk, PSEk eta EH Bilduk adostu denaren irakurketa ezberdina egiten dutela.

Bai, horretarako aukera ematen du zehaztasunik gabeko testu batek. ELAk aspaldidanik salatu du orokorkeriaz beteta daudela Eusko Jaurlaritzak plazaratu dituen lege zirriborro guztiak; funtsean, egungo hezkuntza sistemaren mamiari eusten diote. Horren adibide da hizkuntza ereduei buruzko eztabaida. Alderdi guztiek baztertu dute bi hizkuntza ofizialak ikasteko aukera ematen duen eredua, hau da, euskarazko murgiltze eredua. Areago, PSE-EEk euskara ez jakiteko eskubidearen alde gin du, baina gaztelaniaren inposizio orokorra ontzat emanda. Hezkuntza lege honek ez ditu ikasleak elebidun bihurtuko, ez du aukera emango Euskal Herrian hitzartutako curriculum bat garatzeko, ez du eskola publiko eta burujabe baterako trantsiziorik abiatuko, eta ez du hezkuntza sistemaren merkantilizazioa saihestuko. Alderdiei eskatu diegu ez dezatela babestu, eta mobilizatu egingo gara hori lortzeko.

- Alderdi politikoak aipatu dituzunez, Lehendakariak uda ostean ELAri kargu hartu dio behin eta berriz; aurpegiratu dio gizartean egonezin artifiziala sortzea, eta helburu politikoekin, gobernua presionatu izana EH Bildurekin batera ‘pintza’ bat osatuta...

Biak dira gezurra. Gizartean dagoen haserrea ez da artifiziala, eta ez dago pintzarik. Lehendakariaren obsesioa ELA bada, argi geratzen da herri honetako benetako oposizio bakarra soziala eta sindikala dela. Eta jakina, ELA da aktore nagusietako bat. EH Bilduk argi adierazi du bere burua ez duela kontrabotere gisa ikusten, eta bere ekintza politikoaren ezaugarri nagusia ez dela oposizioa izatea. Kontrara, EAJ-PSE gobernuak egindako akordioak goraipatzen ditu (Nafarroako logikaren antzekoa da hori). Beraz, ‘pintza’ hori aipatzeak ez du inolako oinarririk.

Bestetik, Urkulluk dio egonezin sozial artifiziala sortzen dugula. Egonezin hori benetakoa da. Inkestek ere agerian uzten dute jendea kezkatuta dagoela Osakidetzaren edo beste zerbitzu publikoen gainbeherarekin, prezioen garestitzearekin, etxebizitzaren eta hipoteken egoerarekin... Lehendakariak ELA baliatzen du arreta desbideratu eta ez onartzeko ezinegon sozial horretan duen erantzukizuna. Arazo sozialek arduratu beharrean, horien aurka borrokatzen direnak kezkatzen ditu Lehendakaria.

- Akusazio horiek larriak dira…

Lehendakaria errealitatetik oso aldenduta bizi da. Errealitatera hurbiltzeko bi modu daude: kaleko jendearen kezkak entzun eta kasu eginda, gutxieneko kezka sozial batek bultzatuta, edota eremu ekonomikoko eta patronaleko jendez inguratuta egonda. Bada, jende horrekin hainbeste denbora egonez gero, azkenean haien betaurrekoekin ikusten duzu herria eta gizartea. Errealitatea desitxuratu egiten da, ez duelako zerikusirik jende xehearen arazoekin.

- Urkulluk badu beste galdera bat: nola liteke soldatarik handienak ordaintzen diren lurraldean Estatuko greben %56 gertatzea…

Galderak du erantzuna. Begibistakoa da greben eta lan baldintza onen arteko lotura. Hitzarmen bat negoziatu duen edonork badaki sindikatuaren jarrera zein den: elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa. Baina zer gertatzen da patronalek edo enpresetako zuzendariek ez dutenean negoziatu nahi? Zein da alternatiba? Etxera joatea? Hitzarmen txarrak sinatzea? Ez, noski. ELAk ez du halakorik egingo. Hitzarmenetan hobekuntzak lortzeko gakoa greba egiteko gaitasuna da. Horrek dena aldatzen du. Soldatak ez dira handitzen Lehendakariari esker, borroka sindikalari eta grebari esker baizik.

Bide batez, inork imagina dezake Lehendakaria grebalari batzuei babesa adierazten, edota enpresei esaten diru asko irabazi dutela eta banatu behar dela? Ba horixe egin du Biden AEBko presidenteak, automozioko greban piketeetan. Biden ez da ezkertiarra, munduko herrialderik kapitalistenetako bateko buru da. Baina gai da aitortzeko greba demokraziaren beste osagai bat dela. Pentsaezina da Urkulluk halakorik egitea.

- Nafarroan udan gobernu aurrerakoi bat osatu da; UPN 2015etik ez da agintean izan...

ELAri dagokio erreparatzea ea politikak aldatzen diren ala ez. Hori diot eztabaida politikoa ezin delako mugatu presidentea nor izango den zehaztera, sailak alderdien artean nola banatuko diren, edo kanpoan nor geratuko den. Adierazpen publikoak eta politika sinbolikoak alde batera utzita, benetako politika da legeak aldarazten duena; Aldizkari Ofizialean agertzen dena, alegia. PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek akordio programatiko bat sinatu dute, eta, EH Bilduren abstentzioarekin, Maria Chivite bigarrengoz hautatu dute presidente. Beraz, gobernuaren lehen ekintza izan da gobernua babestu duten hiru alderdien arteko akordioa.

- Eta ez dago aurrerapausorik?

Akordioa etsigarria da. Ez dago aberastasuna birbanatzeko konpromisorik, ezta zerbitzu publikoak benetan hobetzeko borondaterik ere. Ez die botere ekonomikoen pribilegioei ezertan eragiten; ez dituzte molestatu nahi gehien dutenak. Diru bilketa handitzeko eta justizia areagotzeko zerga erreforma bultzatu ordez, eusten diote Barcinaren garaiko fiskalitateari. Horrek agerian uzten du aldaketa zenbaterainokoa den. Gainera, atzerapausoak ere badaude. Esaterako, sasi-elkarrizketa sozialean: 700 milioi jarriko dituzte CENek, UGTk eta CCOOk kudeatutako enplegu planak finantziatzeko. Hori atzean utzi genuela uste genuen...

Euskararen inguruan dagoen konpromiso falta ere ikusita, ez dago pozteko motiborik...

- UPN ez egotea berez ez al da euskararentzako mesedegarri?

Akordio programatikoak adostasunerako oinarri gisa hartzen du 1986ko Euskararen Legea. Horrek esan nahi du legegintzaldi honetan zonifikazioari eutsiko zaiola (Nafarroako eremu handi bat inguru ez euskalduntzat hartzen da). Ez dago borondaterik, pixkanaka bada ere, zonifikazioa gainditzeko, eta esaterako, Nafarroako zenbait eremutan lehenesten dira atzerriko hizkuntzak; adibidez, alemana. 2019ko akordioan euskararen inguruko 11 puntu jaso zituzten; orain 8 besterik ez. Desagertu den puntuetako bat da Euskararen II. Plan Estrategikoa egitea, pentsa.

Chivite bigarrengoz izango da presidentea Geroa Bairen botoari eta EH Bilduren abstentzioari esker. Baina ez du ezertxo ere egingo zonifikazioa desagertzeko. Horrek ez die bi alderdi horiei zer pentsatua ematen? Nafarroako politikan tentsio handiagoa behar dela esaten dugunean, horrelako gaiak ditugu gogoan.

- Nola ikusten duzu Estatu espainiarreko testuingurua?

Ikuspegi sozial eta demokratikotik, PP eta Vox instituzioetatik ahalik eta urrutien izatea albiste ona da. Ez dakigu oraindik Sanchezek inbestidurarako babesa lortuko ote duen, edo berriro hauteskundeak deituko dituen.

Edonola ere, Sanchezek gobernua osatzen badu, kontuan izan behar da indar korrelazioa aldatu dela. Bi aldaketa nagusi daude: batetik, Sumar ez da Podemos, eta bestetik, PNV eta Junts beharrezkoak dira edozein lege onartzeko. Eskuinerantz egin du Espainiako Kongresuak. Ikusteke dago horrek zer eragina izango duen auzi nazionalean, baina arlo sozial eta laboralean indar korrelazio berri hori oztopo izango da neurri xumeena ere aurrera ateratzeko. Hori are ageriagokoa da aurreko legegintzaldian egin gabe geratu zirenak ikusita (lan erreforma, adibidez), edota egin zirenak nola egin ziren ikusita (pentsioak)... Beraz, PP eta Vox gobernuan ez badaude ere, horrek ez du esan nahi balizko Gobernu berri horretatik aurrerapauso nabarmenik aurreikus daitekeenik.

- Eta auzi nazionalean... eman daiteke aurrepausorik?

Auzi nazionalari dagokionez, egia da alderdi katalanek autoderminazioa eta amnistia agenda politikoan kokatu dutela. ELA, jakina, ados dago aldarrikapen horiekin. Beste kontu bat da Sanchezen Gobernuak noraino heldu nahi duen. Ez dakigu eztabaida noraino iritsiko den; amnistia lortzen bada, albiste on bat litzateke. Askotan esan dugun bezala, Urriaren 1eko erreferenduma ekimen politikoa izan zen, eta onartezina izan zen Estatuaren erantzuna, errepresio polizial eta judiziala.

Bestalde, erabakitzeko eskubideari dagokionez, argi dugu pauso nabarmenak lortzeko egun herri honek ez duela behar adina aktibazio sozialik. Estatuan nazioen aitortzaz hitz egiten da, baina aitortza sinbolikoaz gain, gogoratu behar da zein den egungo benetako egoera. Azkenengo urteetan EAEn eta Nafarroan, Estatuak (PPk eta PSOEk) etengabe higatu du autogobernua. Higadura horren salaketa izan beharko litzateke abiapuntua. Urkulluk, aldiz, Estatuekin aldebikotasuna aldarrikatzen du: broma hutsa da. ELAk euskal alderdiei behin baino gehiagotan eskatu die autogobernuarekin lotutako gaiak defendatzea. Zer da hori eguneroko politikan? Gastu arauak aurrekontuetatik kentzea, euskararen legea, euskal lan esparru propioa edo azkenengo asteetan zerbitzu publikoen grebarekin lotuta dauden aldarriak (langile publikoen lan baldintzak). ELAk, testuingurua edozein dela ere, aldarri horien alde egingo du.