ELKARRIZKETA
Mitxel Lakuntza: "Gutxieneko Soldata propiorako aukerak daude"

ELAk 16. Kongresu Konfederala egin eta astebetera, Lakuntzak nabarmendu du sindikatua funtsezko bi daturekin iritsi dela ziklo berri honetara: "babes oso garrantzitsua hauteskunde sindikaletan, EAEn % 40 baino gehiago, eta afiliazioak nabarmen egin du gora, 3.000 pertsona berri baino gehiagorekin eta 104.000 afiliatu baino gehiagorekin". Idazkari nagusiak berretsi duenez, "ELA afiliatuen kuotetatik bizi da", eta hazkunde hori bere estrategiaren berme bat da. "ELAk gainerako sindikatuek baino hitzarmen gehiago eta hobeak sinatu ditu, eta hori LHKren datuek diote", adierazi du.
"Botere ekonomiko, patronal eta politiko jakin batzuk" kritikatu ditu Lakuntzak, ELAren eta haren konfrontazio eta kontrabotererako estrategia sindikalaren aurkako kontakizuna eraikitzen saiatzen ari direlako. "Mahai gainean jartzen duguna estatistika da: emaitzen bermea dugu", dio. Halaber, elkarrizketa sozialerako mahaiak "hutsik" daudela eta patronalak "ELA mahai horietan esertzeko eta instituzionalizatzeko interesa" duela adierazi du. Lakuntzak sindikatuei ospea kentzeko saiakera kritikatu du: "Indibidualismoa, kontsumismoa eta balio neoliberalak hazten ari diren abagune batean gaude. Horren aurrean, sindikatu guztiak ez gaude krisian. ELA ez dago krisian, eta ordezkatzen duen sindikalismoak indartsu jarraitzen du".
Industria Itunari dagokionez, ELAk adierazi du "propaganda kutsua" duela; izan ere, azken urteotan, "industria politikaren ekimenik garrantzitsuena enpresa handiei zergak jaistea izan da". Lakuntzak azpimarratu du ELA asko kezkatzen duela Eusko Jaurlaritzak armagintzaren inguruan egiten duen defentsak. "Gauden testuinguruan, munduko hainbat lekutan gertatzen ari dena ikusita, Gazan esaterako, herri honek armagintza garatu nahi izatea zentzugabekeria iruditzen zaigu". Izan ere, azaldu du ELAk industria militarraren eta belizismoaren aurkako adierazpena onartu duela 16. Kongresuan.
Yolanda Díaz Espainiako presidenteordearekin izandako bileraren ostean, Lakuntzak esan du "aukerak" daudela LGS propio bat lortzeko. Azaldu du Diazek Langileen Estatutuaren artikulu bat aldatu nahi duela, LGSk batez besteko soldataren % 60 har dezan, eta ELAk eskatu duela errealitate sozioekonomikoa desberdina den lurraldeetan, Estatuak finkatzen duenaren gainetik LGS bat negoziatzea bermatzeko.