Mitxel Lakuntza idazkari nagusi hautatua, botoen % 95etik gora jasota #Landeia

2019/05/10
ELAk ohiz kanpoko kongresua egin zuen apirilaren 5ean Donostian; bertan ELAren zuzendaritza berria aukeratu zen. Hona hemen Landeiak kongresu honen inguruan jasotzen duen kronika.

Mitxel Lakuntza Vicario hautatu zuen idazkari nagusi sindikatuaren Ohiz Kanpoko Batzarrak, apirilaren 5ean. Zerrenda bakarra aurkeztu zen Batzorde Eragilerako, Lakuntza buru zuela, eta Ekintza Sindikala alorraren arduradun berria ere, Maialen Aranburu, tartean zela. Aldeko 668 boto jaso zituen zerrendak (% 95,02), kontrako 27 (%3,84), zortzi boto zuri eta batere baliogaberik ez. Sindikatuaren barne-kohesioaren erakusle da zerrendak jasotako babesa. 

Biltzar hunkigarria, oroitzapenez betea

Broken Brothers Brass Band taldearen eta Silvia Guillén eta Iñaki Santos musikarien soinuek inauguratu zuten Biltzarra eta eman zioten musika-ukitua. Mahaia hautatu ondoren, haren presidente Leire Gallegok azaldu zuen zein zen Biltzarraren helburu nagusia: Batzorde Eragilea eta idazkari nagusi berria, Adolfo Muñozen ordezkoa, hautatzea, eta Maialen Aranburu izendatzea Ekintza Sindikala eta Immigrazioa alorreko arduradun. Adolfo Muñoz izan da erakundearen arduradun gorena azken hamar urteotan, eta adinagatik uzten du kargua.

Gonbidatu eta lagun ugari

Euskal Herriko zein nazioarteko ordezkari politiko, sindikal eta sozial ugari izan zen Biltzarrean gonbidatu gisa, eta bik hitz egin zuten: Europako Sindikatuen Konfederazioko presidente Rudy De Leeuwek eta Munduko Sindikatu Konfederazioko idazkari nagusiaren alboko Owen Tudorrek.

Epe laburreko helburuak

Berdintasun Alorreko arduradun Leire Txakartegik azaldu zituen epe laburrera sindikatuak dituen erronka nagusiak. Honela definitu zuen Txakartegik zer den ELA: klase-sindikatua, abertzale, kontrabotere bihurtzea erabaki duena eta langile guztien guztiaren ordezkari izatea xede duena, haien aniztasuna aintzat harturik betiere. Bestalde, grebaren balioa azpimarratu zuen Txakartegik:

“Gatazkarik eta grebarik gabe ez dago demokraziarik langileontzat”, esan zuen, eta sindikatuak lau trantsizio hauek bultzatu nahi dituela adierazi: demokratikoa, soziala, ekologista eta feminista. “Erronka garrantzitsuak dira, baina lorgarriak, berrindartuta eta sasoi betean aterako baikara biltzar honetatik. Harro gaude ELAko militante izateaz”.

Eskerrak Txikiri

ELAko idazkari nagusiaren albokoa —Amaia Muñoa—, berriz, Adolfo Muñoz “Txiki”-ri buruz mintzatu zen. “Txiki” izan da, hain zuen ere, ELAren aurpegi ezagunena krisiak iraun duen hamarkadan, eta gure erakundearen aurkako kritika guztien hartzaile nagusia.

Sindikatuan egin duen ibilbidea maitekiro gogoratu ondoren —“bizitza osoa: 18 urte zituela afiliatu zen, eta 30 urte eman ditu sindikatuan lanean”—, “Txiki”-ren alderdi hauek goretsi zituen Amaiak: “azterketarako eta lanerako gaitasun izugarria, exijentzia-maila eta egiten duen horretan jartzen duen gogoa”.

Biziki hunkiturik jardun zen Muñoa bere hitzaldiaren zenbait unetan, eta “Txiki”-ren alderdi ezkutua ere aipatu zuen halako batean: “Une askotan, berak gidatu gaitu denok, bera ibili da gurdiari bultzaka, eta eskuzabaltasunez ekin die beti aldaketei eta etorkizunari”. “Txiki”-ren esaeretako bat ere aipatu zuen Muñoak —“Egunero ikasten da zer edo zer”—, eta euskara ikasteko eta eguneroko jardunean erabiltzeko egin zuen ahalegina txalotu zuen. “Benetan eredugarria izan da”, jarraitu zuen, “zure oinazeei eta bizkarrari aurre egiteko modua. Zure hutsunea nabaritu dugu azken hilabeteotan, eta berriro erakutsi diguzu zure kemena. Ondo ibili zure bizitzaren sasoi berri honetan”.

Une horretan, biltzarkide guztiok zutik ginela, estu besarkatu zuen “txiki” Amaia Muñoak, eta jada tradizio bihurtua den makila eman zion.   

Agur borrokalaria

Hunkiturik egin zuen “Txiki”-k agur-hitzaldia, non harro azaldu zen “oso bizirik dagoen eta etorkizun oparoa duen” proiektu kolektibo honetan parte hartu izanaz, “euskal langileentzat eta gure herriaren subiranotasunarentzat lagungarri izateko borondatea berretsi duen gure erakundean jardun izanaz”.

Sindikatuaren aurreko zuzendaritzen lana txalotu zuen “Txiki”-k agur-hitzaldian, eta erabaki estrategikoak hartzeko izan zuten ikuspegi izugarria eskertu. “ELAk ondo egiten ditu gauza batzuk: lehena, barne-kohesioari eutsi dio, ezinbestekoa baitu kontrabotereko sindikalismoa egiteko; bigarrena, ez dio bizkarra eman errealitateari. Batzuetan, iraultzailea da errealitatea deskribatze hutsa eta, alde horretatik, oso kementsuak gara; Hirugarrena, ikuspegi zehatz bat eman diegu militanteei: sindikatuak lehentasuna ematen badie jendearen kezkei eta arazoei, bizirik iraungo du sindikalismoak eta jendearen klase-nortasunak eta langileak antolatzeko gai izango da; eta, laugarrena, aliantza sindikalak eta sozialak sendotu ditugu, kontraboterea eta borroka ardatz ditugula. Ondo atera zaizkigu gauzak batzuetan; beste batzuetan, berriz, ez. Baina ondo asko ohartzen da ELA eskuinaren nagusitasunaz, horren ondorioez eta aliantzek duten garrantziaz”.

Eskerrak eman ondoren inguruko jendeari (sindikatukoa eta kanpokoa), ELAko militante guztiei eta, bereziki, “borroka egiten dutenei”, etorkizunari baikor begiratzera ausartu zen Muñoz, “zeren eta neoliberalismoa suntsitzailea eta asegaitza den arren, sindikatuak ez dio huts egingo gure beharra duen jende horri guztiari”.  Azkenik, zuzendaritza eta idazkari nagusi berriari, Mitxel Lakuntzari, botoa emateko eskatu zuen, “ELAk aurrera jarraitzen du eta”.

Ondoren, jendea zutik eta txaloka zela, lore-sorta bat eman zion Amaia Muñoak, eta “Txiki”-ren kantu gogokoenetako bat, Grandola Vila Morena, abestu zioten sindikatuko hiru kidek (Maria Balda, Maitane Urbizu eta Alfredo Lakuntza).

Jarraian, bideo bat proiektatu zen, non “Txiki”-ren zenbait lagunek (sindikatukoak eta kanpokoak) hainbat anekdota gogoratu zituzten, bai eta azken hamarkadan ELAko aurpegirik ezagunena izan denaren alderdi humanoa eta ezkutua erakutsi ere.

Batzorde Eragile berria, markatutako bidetik jarraitzeko

Industria eta Eraikuntzako idazkari nagusi Unai Martínezek aurkeztu zuen Batzorde Eragilearen proposamena, Nazio Batzordearen izenean, harenj aldeko botoa eskatu zuen. Botere politikoari eta ekonomikoari ez zaizkiola gustatzen ELA bezalako erakundeak esan zuen Martínezek, “ezin baitituzte kontrolatu”. Bestalde, sindikatuaren barne-kohesioa aldarrikatu zuen, aldaketak adostasunez eta modu ez-traumatikoan egiten laguntzen baitu eta, bide batez, sindikatuaren indarra benetan garrantzizkoa den horretara bideratzen, “gure proiektu sindikalari jarraipena ematera, geuk markatutako bidetik”.

Botoen % 95,02

Goizeko 11:30ak aldera bozkatu zuten biltzarkideek sindikatuaren zuzendaritza-zerrenda, bi urte barru egingo den hurrengo biltzar konfederalera artekoa alegia. 

Zerrenda bakarra aurkeztu zen, Lakuntza buru zuela, eta aldeko 668 boto jaso zituen (% 95,02), kontrako 27 (%3,84), zortzi boto zuri eta batere baliogaberik ez.  Honenbestez, ELAren historiako lehen idazkari nagusi nafarra da Lakuntza. Maialen Aranburu, berriz, Ekintza Sindikala eta Immigrazioa alorreko arduradun jardungo da aurrerantzean.

Biltzarkideak txaloka eta bibaka zirela igo ziren agertokira ELAko Batzorde Eragileko kideak, baita “Txiki” ere, zeinak agur esan baitzien ordura arte lankide izan zituenei. Iritsia zen erreleboaren unea.

“Jendea antolatzea, hori da jokabiderik iraultzaileena”

ELAko idazkari nagusi gisa egin zuen lehen hitzaldi publikoan inguruan zuen Batzorde Eragile osoa Mitxel Lakuntzak, sinbolikoki adierazteko proiektu kolektiboa dela ELA (zuzendaritzak hasita), karguen eta norbanakoen gainetik. “Dauzkagun erronkei aurre egiteko talde egokia hautatu duzue”, esan zuen.

Garbi utzi zuen Lakuntzak bere hitzaldian aurreko biltzarrak (Indarberritzen) markatutako bidetik jarraitzen duela sindikatuak, are indartsuago gainera —inoizko emaitzarik onenak lortu ditu ELAk EAEn: ordezkarien % 41,41—. Esan zuen, bestalde, prekarietatearen aurka borrokatzea dela sindikatuaren helburu estrategiko nagusia, eta greba ezinbesteko baliabidea izango dela aurrerantzean ere hori lortzeko. Biltzarkideen animo-oihuek behin baino gehiagotan eten zuten Lakuntzaren lehen hitzaldia.

“Konplexurik gabe aldarrikatzen dugu greba. Sindikatuak ondoena gastatzen duen dirua erresistentzia-kutxakoa dela esan zuen, grebalariei beren eskakizunak lortu arte borrokan irauteko ematen zaiena, alegia. “Jendea antolatzea, hori da jokabiderik iraultzaileena”, esan zuen.

Sasoi betean

Ondoren, egun greban diren taldeetako ordezkariak igo ziren agertokira (Gipuzkoako zaharren egoitzekoak, etxez etxeko zerbitzukoak, itunpeko irakaskuntzakoak…), ELAko banderak zeramatzatela eta ohiz kanpoko Biltzarraren goiburua letra handiz osatuz: Indar Betean.

Izan ere, ez dago zalantzarik: indar betean dago ELA gizarte zuzenago eta solidarioago baten alde borrokan jarraitzeko.