Bizkaia Irratia

Mitxel Lakuntza, Osakidetzako udako murrizketez: “Profesionalak falta direla esaten zaigu, baina benetan falta dena da planifikazioa”

2023/06/19
Bizkaia Irratiko elkarrizketan, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak kezkaz hitz egin du Jaurlaritzak hizkuntza eskakizunen inguruan iragarritakoarekin: “Jaurlaritzak bi albiste txar eman ditu: baldintzak malgutuko dituela eta hori arautzeko dekretua atzeratuko duela”. Hauteskundeen aurretik eztabaida saihestu nahi baitu Jaurlaritzak, ziurtatu du Lakuntzak, eta ez du asmorik dekretua onartzeko. “Kontseiluak, ELAk eta LABek 15 urteren bueltarako plangintza bat proposatu genuen langileak euskalduntzeko. Belaunaldi aldaketa bat egongo da, eta hori baliatu behar da euskaraz artatuak izateko eta langileek ere euskaraz lan egin ahal izateko”.

Osakidetzako udako zerbitzu murrizketari dagokionez, “esaten zaigu ez dagoela profesionalik, baina benetan dagoena da planifikazio falta bat. Orain dela 20 urtez geroztik gabiltza arazo hori salatzen”. “Sagardui Sailburuak bere buruari galdetu beharko lioke zergatik ez den erakargarria Osakidetza hainbat osasun profesionalentzat”.

Era berean, erakundeek hazkunde ekonomikoa izango dela iragarri arren, “pobretze fase bat” gertatzen ari dela ohartarazi du idazkari nagusiak. Enpresen irabaziak ez baitira soldaketara ekartzen, eta hartzen diren ekonomia neurriek gero eta estuago hartzen dituzte herritarrak, euriborra kasu.

Uztailaren 23ko hauteskundeei begira, “eskubide demokratiko, sozial eta nazionaletan atzera egiteko arriskua” dagoela beldur da Lakuntza. Horregatik, “eskatzen duguan da, eskuinak egiten duen bezala, ezkerrak ere konplejorik gabe eraman behar dituela aurrera bere proposamenak”.

Elkarrizketa, hemen.