Mitxel Lakuntza pentsioen erreformari buruz: “Pentsioetan murrizketak onartzea erasoa izateaz gain, defendaezina da”

2023/01/17
Mitxel Lakuntza pentsioen erreformari buruz: “Pentsioetan murrizketak onartzea erasoa izateaz gain, defendaezina da”
ELAko idazkari nagusiak Radio Euskadin ohartarazi du Bizkaiko metalgintzako patronalak, mobilizaziorik gabe, hitzarmenaren berritzea blokeatzen jarraituko duela, Eusko Jaurlaritza bitartekari gisa jardun arren. Horregatik, mobilizazioen egutegiarekin jarraitzearen alde dago: “FVEMek ez du bere posizioa mugitzeko inolako interesik”.

Era berean, 2022ko datu ekonomikoak onak direla gogorarazi du: “Enpresak inoiz baino gehiago irabazi dute”. Horregatik, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa defendatu du, bai soldaten defentsaren bidez, bai erreforma fiskal baten bidez. Hala ere, Foru Aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari leporatu die jarrera “immobilista” izatea, “gehien dutenek hemen gutxiago ordaintzen baitute”. Gainera, patronalari hitzarmenen berritzea blokeatzea egotzi dio, eta soldatak ez defendatzea UGT eta CCOO sindikatuei: “Soldata igoerak Euskal Herrian gertatzen ari dira batez ere, EAEn % 5,07 eta Nafarroan % 4,49. Estatuko gainerako lurraldeetan % 2,5ekoa da handitze hori. Horrek esan nahi du gehiengo sindikala CCOOk eta UGTk osatzen dutenean, langileen baldintzak okerragoak direla. Beste alternatiba sindikalak daudenean soldaten igoerak handiagoak dira”.

Sanchezen Gobernuak pentsioak kalkulatzeko urte kopurua luzatzeko erreformaren inguruan, Lakuntzak esan du murrizketa bat planteatzen ari dela. “Helburua pentsio berriak murriztea da, hori da Espainiako Gobernuak Bruselarekin duen konpromisoa. Orain kontua da nola eramango den hori aurrera”. Horregatik, EAJri, EH BILDUri, Elkarrekin-Podemosi eta Geroa Bairi hala zuzendu zaie: “Erasoa izateaz gain, jarrera ulergaitza iruditzen zaigu pentsioak murrizteari babesa ematea”.

Gainera, berriro oroitarazi du Osakidetzaren egoera “txarra” dela planifikazio eta inbertsio faltagatik. Horregatik, medikuen esklusibotasunari buruzko eztabaida ez da osasun publikoaren arazo nagusia, nahiz eta sindikatuaren jarrera argia izan: “Langile publikoek exklusitibitate hori izan behar dute publikoa dena defendatzeko, jardun osoarekin eta baldintza eta soldata egokiekin”.

Elkarrizketa hemen: