ELKARRIZKETA
Mitxel Lakuntza: "Pradalesek ezin du sindikatuen eta patronalaren arteko ekidistantzian babestu"

Confebaskek lanbide arteko akordio baten bidez gutxieneko soldata adosteari uko egin ondoren, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek bilera eskatu zioten Pradales lehendakariari, gaur arratsaldean gauzatuko dena. Lakuntzak argi du zein izango den eskakizuna: "Pradalesi exijitzen diogu euskal LGSrekin inplikatzeko eta Confebasken betoa ez onartzeko. Ezin du sindikatuen eta patronalaren arteko ekidistantzian babestu, benetan autogobernuan eta euskal gizartearen ongizatean sinesten badu". ELAren idazkari nagusiak azpimarratu du beharrezkoa dela Euskal Herriko testuingurura egokituko den LGS propioa: "Lehendakariak badaki hemen inork ezin duela bizi Espainiako LGSren 1.184 euroekin".
Bridgestone Basaurik langileen % 40 kaleratzeko egin duen iragarpenari buruz galdetuta, Lakuntzak esan du "zalantzan jarri behar dena Bridgestonek kaleratzeetarako dituen arrazoiak" direla. Adierazi du langileek erabaki horren "bidegabekeriaren aurka" egingo dutela, eta horren aurrekaria Estatuko lantegi guztietarako beste sindikatu batzuek sinatutako ERTEa dela.
Muga-zergei eta beste mehatxu batzuei buruzko erabakien aurrean, Lakuntzak azpimarratu du "industriaren eraldaketa eta bultzadaren aldeko apustu publikoa egon behar dela, eta ez dena ekimen pribatuari laga. Horren adibiderik txarrena eta argiena Eusko Jaurlaritzak eman zuen Euskaltelekin".
Gaur ere greba eguna da hezkuntza publikoan, eta Hezkuntza Sailak, berriz, uko egiten dio negoziatzeari mobilizazioek dirauten bitartean. Lakuntzak salatu duenez, "Gobernuaren aldetik ez dugu gatazka konpontzeko ekintza erabakigarririk ikusten benetako neurriekin: erosteko ahalmena, eguneroko lanaren gehiegizko burokratizazioa, baliabide falta..."
ELAko idazkari nagusiaren esanetan, "konfrontazioak bide bakarra izaten jarraitzen du", Amvisa Gasteizko Udalaren azpikontratan lortutako akordioak erakusten duen bezala, % 19ko soldata igoerekin eta bestelako hobekuntzekin, baina lau hilabeteko grebaren ondoren, gogorarazi du.