Mitxel Lakuntzak ELAren eta CIGaren arteko borrokak nabarmendu ditu sindikatu galiziarraren Kongresuan

2021/10/11
ELAko ordezkaritza batek, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia buru zuela, CIG sindikatu galiziarraren 8. Kongresuan parte hartu du urriaren 9an eta 10ean, Santiagon, 600 ordezkari baino gehiagoren aurrean, `Forza para avanzar´ lelopean. Mitxel Lakuntzak, bere hitzaldian, ELAren eta CIGren arteko aldarrikapenek eta borrokek bat egiten dutela nabarmendu zuen, baita bi erakundeen arteko lankidetzaren ibilbide historiko eta emankorra ere. Halaber, Mitxel Lakuntzak Galiziara egindako bisita aprobetxatu zuen -Peio Igeregi Negoziazio Kolektiboko arduradunarekin batera- Yolanda Díaz ministroari bere hitza betetzeko eta lan-erreforma indargabetzeko eskatzeko. ELAk eta CIGek Gizarte Elkarrizketarako Mahaien aurkako jarrera berritu dute, Galizian eta Euskal Herrian patronalaren interesen ondorio direla iritzita.

Lakuntzak azpimarratu zuenez, bi erakundeak bat datoz beren indarra eta zilegitasuna langile klasearekiko hurbiltasunean oinarritzean, baita estaturik gabeko bi nazioen eskubideak defendatzean ere. Nabarmendu zuenez, erronka bikoitz horrek aukera ematen du militantzian oinarritutako proiektuak indartzeko. Gainera, ELAk eta CIGek salatu dute gure gobernuek patronalarekin duten aliantza. Aliantza horren ondorioak prekaritatea eta zerbitzu publikoak bertan behera uztea dira, baita desberdintasun sozialean sakontzea ere.

ELAk eta CIGek trantsizio ekologikoari eta apustu feministari aurre egiteko beharra partekatzen dute, eta horren ondorio da, Lakuntzak azpimaratu zuenez, mobilizazioen eta kanpainen agenda partekatua, batez ere pentsioei eta lan-erreformari dagokienez. Bi gai horiek Madrildik inposatuta datozela gogoratu zuen Lakuntzak. Ildo horretan, ELAk eta CIGek bereziki salatu dute negoziazio kolektiboaren estatalizazioa eta Galizia eta Euskal Herriko langileen lan-baldintzak prekarizatzen dituzten Madrilen sinatutako hitzarmenak ezartzea.

Azkenik, ELAko idazkari nagusiak CIG zoriondu zuen Galiziako lehen sindikatua izateagatik. “Oso albiste ona da, bidelagun dugulako. Gora Galiza Ceibe!”