Abagune ekonomikoa

Mitxel Lakuntzak ohartarazi du EBZk atzeraldia eragin eta langabezia handitu nahi duela langile klasea geldiarazteko

2023/09/25
Mitxel Lakuntzak ohartarazi du EBZk atzeraldia eragin eta langabezia handitu nahi duela langile klasea geldiarazteko
Egoeraren Azterketa dokumentua aurkeztu du ELAk. Bertan ondorioztatzen da lan erreformak ez duela lortu behin-behinekotasuna murriztea eta inflazioa enpresa handien mozkinen ondorio dela. Hartutako neurri ekonomikoek langileen pobretzean sakontzen dutela dio ELAko idazkari nagusiak, eta Sanchezen, Urkulluren eta Chiviteren gobernuei eskatu die EBZren estrategiarekin bat datozen argitzeko.

IRAKURRI TXOSTENA

Mitxel Lakuntzak, ELAko idazkari nagusiak, oso larritzat jo ditu Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak Banku Zentraletako presidenteen bileran esandakoak: langabezia handitzeko interes tasak igo behar dira, eta, horrela, langile klasearen negoziazio boterea murriztu, soldatak gutxiago hazteko. Hala salatu du Egoeraren Azterketa 145. txostenaren aurkezpenean, alboan Ikerketa Bulegoko Aitor Murgia kidea zuela.

Dosierrak egungo egoera ekonomikoa aztertzen du, bai nazioartekoa bai Euskal Herrikoa, eta arreta berezia jartzen du bizitzaren garestitzean, inflazioari eta erosteko ahalmenaren galerari aurre egiteko neurri ezari, enpresen irabaziei, BPGri, edo etorkizuneko krisi eta tentsio geopolitikoei, besteak beste.

Inflazio handiko geldialdia eta mozkin errekorrak

Murgiak adierazi du aztertutako datuek erakusten dutela ekonomia moteltzen ari dela, eta datozen hilabeteetan joera negatiboan jarraituko dugula. "Errealitate hori indar handiagoz ari da eragiten industrian, hiruhileko arteko % 0,6ko jaitsiera izan baitu bigarren hiruhilekoan, eta urte arteko % 0,5eko jaitsiera EAEn". Europako ekonomia industrializatuenei ere eragiten die, eta horien bilakaera txarra azaltzen du, Alemaniaren kasuan bezala. "Zerbitzuen sektoreak eta etxeen eskariak BPGren hazkundeari eusten badiote ere, aurrezkien amaierak eta interes tasen gorakadak familien kontsumoan izango dute eragina, eta, ondorioz, BPGren dezelerazioan". Beraz, "Europa inflazio handiko geldialdira hurbiltzen ari da".

Inflazioari dagokionez, Ikerketa Bulegoko kideak ziurtatu du prezioek handitzen jarraitzen dutela. "Elikagaiak % 25 garestitu dira bi urtean, eta urte arteko KPIa %2,6an badago ere, berriz ere handituko da; urte amaieran % 4tik gora kokatuko da".

Hala ere, ez da benetako kausetara jotzen, eta langileria pobretzeko politikak aplikatzen jarraitzen da, hala nola tasen igoera. "Analisi guztiek (NDFk, Munduko Bankuak, Enpresa Marjinen Behatokiak...) adierazten dute inflazioa, enpresa mozkinen gorakadak eta espekulazioak eragin dutela batez ere". Adibidez, Enpresa Marjinen Behatokiaren arabera, Espainiako Estatuko enpresek marjinak handitzen jarraitu dute 2023ko lehen hilabeteetan, % 14raino handituz, eta energia eta garraio enpresak izan dira marjina handiena izan dutenak (% 25etik gora). Baita bankuek ere. "2023ko lehen seihilekoan, Ibex-35eko bankuek (Unicajak izan ezik) 12.500 milioi euro baino gehiago lortu dituzte 6 hilabetetan. Kutxabankek eta Laboral Kutxak ere iazkoak baino askoz emaitza hobeak izan dituzte ".

Hori guztia EAEko ohiko gastuei aurre egiteko diru sarrera nahikorik ez duten pertsonen ehunekoak gora egin duenean. "2022ko Gizarte Premiei buruzko Inkestak adierazten du EAEko biztanleen % 22,3 (ia 500.000 pertsona) ez direla iristen gure gizartean espero diren gutxieneko ongizate eta erosotasun mailei eusteko beharrezkotzat jotzen diren diru sarreretara".

% 49ko behin-behinekotasuna sektore publikoan

Lagardek adierazi zuen langabezia txikiak, gutxieneko maila historikoetan dagoenak, langileak indartsuago kokatzen dituela soldata galerak berreskuratzeko. Gaineratu zuen langileek negoziatzeko ahalmen handiagoa dutenean, inflazioa handitzeak soldata igoera ekar dezakeela, egunerako. Horregatik, iradoki zuen interes tasen igoeraren helburua atzeraldia eragitea eta langabezia handitzea dela. Lakuntza: "Lagardek, hipotekak garestitzeaz gain, langabezia igo nahi du, langile klasearen negoziazio boterea ahultzeko". Hori dela eta, Lakuntzarentzat ulergaitza da adierazpen horien aurreko isiltasuna, eta Sanchezen, Urkulluren eta Chiviteren gobernuei dei egin die argitu dezaten ea bat egiten duten adierazpen horiekin.

Idazkari nagusiak ere salatu du lan erreformak, negoziazio kolektiboaren estatalizazioari eusteaz gain, ez dituela iragarritako ondorio positiboak ekarri. "Lan erreforma ez da saldu zutena". Datuek erakusten dute azken hiruhilekoan aldi baterako 22.100 pertsona gehiago daudela, eta iraupen mugagabekoak 13.700 gehiago. Ondorioz, behin-behinekotasuna % 20,5era igo da. Gainera, emakumeek prekarietate handiagoa jasaten dute: behin-behinekotasuna % 24,2ra iritsi zen, eta gizonena, berriz, % 16,8. "Horri guztiari gehitzen badiogu erregistratzen diren kontratuen % 77 aldi baterakoak direla oraindik, argi geratzen da elkarrizketa sozialaren akordioarekin patronala garaile izan dela, beste behin".

Ildo horretan, Lakuntzak deitoratu du EAEko sektore publikoaren behin-behinekotasun handia, % 49,4koa izaki. "Erakundeen utzikeria erakusten du horrek. Behin-behinekotasun horrekin, 10 urtez izoztutako hitzarmenekin eta erosteko ahalmenaren % 20ko galerarekin, ez al dago justifikatuta sektore publikoko greba? Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa bultza ditzakeen gauza bakarra dira grebak eta mobilizazioak".

Pobrezia tasari dagokionez, idazkari nagusiak errefusatu du Eusko Jaurlaritzaren diskurtso autokonplazientea. "Euren datuek aitortzen dute pobrezia handitzen ari dela. Ebidentzia guztien aurka, pobreziarik ez dagoela sinestarazten saiatzen dira. Izena bera aldatu diote: 'ongizate eza' esaten diote”. Beharra duenari erantzuteko gai den benetako gizarte prestazioen politika defendatu du, “egungo sistemak estaldurarik gabe uzten baitu behar duen lau pertsonatik bat ".

Urkullu lehendakariak Alderdi Egunean egindako adierazpenei dagokienez, Lakuntzak honako hau nabarmendu du. “Lehendakaria errealitatetik erabat deskonektatuta dago. Ezinegon horrek ez du ezer artifizialik, oso erreala da, nahiz eta Urkulluk ez ikusi nahi”. Lakuntzarentzat hori oso kezkagarria da, “arazoa ukatzen duenak ez baitu arazoa konpontzeko inolako asmorik”. Horregatik eskatu dio lehendakariari jarrera aldatzeko, gizartearen benetako ezinegona konpontzeko.