Mobilizazio sozialik gabe ez da aldaketarik gertatuko

2018/04/25
Aurtengo Maiatzaren Lehena aukera bikaina da feminismoak (M-8) eta pentsiodunek kalera eraman duten erreibindikazio oldea indartzeko. Parean daukagun erronka ez da nolanahikoa. ELAk erabaki du borrokatu egingo dituela pobrezia eta beldurra. Batik bat bestearenganako beldurra, hurrean bizi den eta etsai bihurtu nahi diguten horrenganako beldurra pizteko estrategia hori dugu jopuntuan. ELAk behin eta berriz ozen esango du: Hemen inor ez da soberan.

Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusia eta Leire Txakartegi eta Ivan Gimenez, genero berdintasunerako eta komunikazio arduradunek hartu dute parte aurtengo Maiatzaren Lehenaren aurkezpenean.

ELAk gogoratu du euskal erakundeak krisia gainditu dugula diotela, baina gure gizartean pobrezia, prekarietatea eta desberdintasun sozialak areagotzen ari direla. “Aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa da. Enplegua izatea ez da jada bizitza duin bat izateko bermea. Langile pobreak gero eta gehiago dira”.

Bestalde, emakumeak biztanleriaren eta langile klasearen erdia direla azpimarratu du. Enpleguan eta enplegutik kanpo, bizitzaren esparru desberdinetan emakumeok diskriminatuta jarraitzen dute, sistema bera delako genero zapalkuntzan oinarritzen dena.

Pobreen arteko gerra piztu nahi dutela ere gogoratu du ELAk. “Enplegua dutenak langabezian daudenen aurka; aldi baterako kontratua dutenak finkoen aurka; lanaldi partziala-lanaldi osoa; arlo publikoa-arlo pribatua; “paperak” dituzten migranteak eta ez dituztenak; prestazioak jasotzen dituztenak eta eskubiderik ez dutenak. Xenofobia eta eskuin muturreko posizioak zabaltzen ari dira mundu osoan zehar, baita langileen artean ere”. Era honetan, prestazio sozialak jasotzen dituztenak kriminalizatu nahi dituztela-eta, pobreen arteko gerra piztu azaldu du. “Prestazio sozialetan ematen ari den ustezko iruzurra erabiltzen dute horretarako, jakinik ere iruzur hori hutsaren hurrengoa dela”.