Mobilizazioa da pentsio duinak lortzeko biderik eraginkorrena

2018/05/21
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileetako ordezkariek agerraldi publikoa egin dute maiatzaren 26ean Bizkaiko pentsionista elkarteek deituta Bilbon egingo den manifestazioari atxikimendua emateko. Ekimen honen bozeramaileek argi utzi nahi izan dute den euren jarrera: “mobilizatu beharra dago, hori baita pentsio sistema publiko duin bat lortzeko dagoen biderik eraginkorrena”.

ELAren izenean Mikel Noval mintzatu da agerraldian. Hiru datu aipatu nahi izan ditu mobilizazio hauen garrantzia azpimarratzeko. “Populazioaren kopuru oso handi bat da pentsioduna, %24. Eta pertsona hauek jasotzen duten bataz besteko kopurua oso baxua da: 1.157 EAEn eta 1.070 Nafarroan. Eta, gainera, pentsiorik baxuenak emakumeek jasotzen dituzte. Pentsioena eztabaida politikoa da, ez teknikoa”.

Pentsio sistema duin baten aldeko borroka denon ardura dela gaineratu du. “Ez da bakarrik pentsionistei eragiten dien gaia, guztioi eragiten ditu. Horregatik, orain arte egin izan dugun bezala, 26an kalera aterako gara”.