Mobilizazioa egin dute negoziazioan bi urtez jasaten ari diren blokeoa hausteko
Gipuzkoako San Juan de Dios Ospitaleko langileak gaur bildu dira ospitalearen aurrean, 10:00etatik 11:00etara, negoziazioan bi urteko blokeoa salatzeko deitutako lanuzteen lehenengoarekin bat eginez. San Juan de Dios Ospitaleak, beste bi enpresa pribatuekin batera, Gipuzkoako osasun mentaleko arretaren kudeaketan parte hartzen du.
Langileek salatu dute zuzendaritzak uko egiten diola KPIaren araberako soldata eguneratzea bermatzeari, eta horrek erosahalmena galtzea dakarrela. Lan baldintza duinak eta aitortza profesionala eskatzen dituzte, baita oraindik erantzunik jaso ez duten aldarrikapenei irtenbidea ematea ere. Izan ere, ospitaleko eguneroko jardunean zailtasunak gero eta handiagoak dira.
Enpresak Eusko Jaurlaritzatik jasotzen duen finantzaketa nahikoa ez dela argudiatzen du bere jarrera justifikatzeko. Hala ere, egoera hori ezin da aitzakia izan negoziazioa blokeatuta mantentzeko, ezta horren ondorioak langileen gain uzteko ere.
Ordubeteko hurrengo lanuzteak urriaren 22an izango dira, 11:00etatik 12:00etara; urriaren 27an, 10:00etatik 11:00etara; eta urriaren 29an, 11:00etatik 12:00etara.
Enpresa batzordeak ohartarazi du zuzendaritzak langileen aldarrikapenei erantzun gabe jarraitzen badu mobilizazioak areagotu egingo direla. Gogorarazi du Gipuzkoako osasun mentalaren arretak behar adina baliabide eta lan baldintza duinak dituzten profesionalak behar dituela. Horregatik, enpresari negoziazioaren blokeoa gainditzeko eta irtenbideak proposatzeko eskatu dio.