Hezkuntza Nafarroa

Mobilizazioa iragarri dute hezkuntza publikoaren defentsan

2024/05/15
STEILAS, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek mobilizazio gehiago iragarri dituzte Hezkuntza Departamentua ratioak jaistera, lan gainkarga murriztera, bitartekotasuna murriztera eta galdutako erosahalmena (% 15) berreskuratzera behartzeko.

STEILAS, LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek mobilizazio gehiago iragarri dituzte Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren immobilismoaren aurrean, irakasleen baldintzak hobetzea negoziatzeko. Zehazki, bizikleta eta patineteekin martxa aldarrikatzailea egingo da maiatzaren 23an 18:00etan, Navarro Villoslada BHIn hasi eta Carlos III.aren etorbidean amaituko dena (Nafarroako Jauregiaren parean).

Aurreko ikasturteko bi greben eta mobilizazio ugariren ondoren, Hezkuntza Departamentuak irakasleen baldintzak hobetu gabe jarraitzen duela salatu dute. Horri gehitu behar zaio apirilaren 26an, Nafarroako Parlamentuak ebazpen bat onartu zuela aldeko 34 botorekin (UPN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin), sindikatuok eskatzen dituzten hobekuntzekin bat datorrena. Bertan, Hezkuntza Departamentuari eskatzen zaio urrats esanguratsuak eman ditzala hezkuntza arloko langileen lan baldintzak hobetzeko, eta horretarako beharrezko negoziazioak egin ditzala, hartutako neurriak datorren ikasturtean eta 2025eko aurrekontuetan islatzeko:

  • Gehiegizko ratioak murriztea eta errefortzu orduak luzatzea.

  • Burokrazia zeregin gehiegizkoak arintzea.

  • Langileen prestakuntza egokitzea.

  • Langileen egonkortasuna sustatzeko neurriak hartzea: lanpostuak sendotzea, lan eskaintza publikoa handitzea, lekualdatze lehiaketak egokitzea, destinorik gabeko irakasle finkoen problematikari irtenbidea ematea, behin behinekotasuna murriztea, etab.

  • Hezkuntzako langileek galdutako erosahalmena berreskuratzea.

  • [...]

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Departamentuari benetako negoziazioa eskatzen diote, edukia eta baliabide ekonomikoak dituena.