Orkoiengo Nuadi
Mobilizazioak areagotu dituzte erosahalmena bermatu eta lan baldintzak hobetuko dituen akordio baten alde

Nuadi automobilgintzaren sektoreko Orkoiengo (Nafarroa) enpresa bat da, eta bertan 200 pertsona inguruk lan egiten dute balazta piezak egiten. Ordezkaritza sindikala ELAko 2 ordezkarik, LABeko 2k, CCOOko 2k, 2 independentek eta UGTko batek osatzen dute.
Plantillak 2022tik iraungitako lan baldintzak arautzen dituen enpresa ituna du. Urte horretan ia 10 milioi euroko irabaziak izan zituen enpresak.
Enpresako ituna berritzeko 10 hilabeteko negoziazioaren ondoren, jarrerak oso urrun daude oraindik. Lan baldintzak hobetuko dituen akordio baten negoziazioan aurrera egiteko plantilla irailean hasi zen enpresaren aurrean kontzentratzen, gosari garaian lan txanda zuten langileak enpresa aurrean jarriz.
Enpresak edozein aurrerapen blokeatzen jarraitzen duela ikusita, mobilizazioak areagotu egin dira. Atzo, urriak 26, elkarretaratzea egin zuten enpresaren aurrean, eta astelehenean, hilak 30, berriro mobilizatuko dira enpresaren aurrean, 18:15ean. Mobilizazio hauetan langile guztiak daude deituta.