Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa
Mobilizazioak areagotuko dituzte sindikatuek, Osasun sailak gatazka konpontzeari uko egin diolako

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langile gehienek otsailaren 14, 15, 16 eta 17an egin duten grebaren jarraipena oso positiboa izan da, sindikatuen berbetan. Osasun Saila, Osakidetza eta Euskal Zentroko Zuzendaritzari egotzi diote gatazka konpontzeko gaitasunik eza eta plantillari adarra jotzen ibiltzea. Gutxieneko zerbitzuak gehiegikeriaz ezartzea ere salatu dute.
Greba otsailaren 14an hasi zen, Osasun Saila, Osakidetza eta Zuzendaritzak deituta zegoen negoziaziora ez joatea erabaki zuten ostean. Gaia mahai sektorialean eztabaidatu beharreko dela argudiatu zuten buruek, nahiz eta 2021eko apiriletik etengabe uko egin dioten gatazkari buruz hitz egiteari.
Horregatik, borrokan jarraitzea beste aukerarik ez dute langileek eta hurrengo hilabeteetan mobilizazioak areagotuko dituztela esan dute sindikatuek. Bilerak eskatzen jarraituko dituztela ere esan dute.