BIZKAIKO ERAIKIN ETA LOKALEN GARBIKUNTZA
ELA mobilizatu da hitzarmenaren negoziazioan patronalak ezarritako blokeoa hausteko

Bizkaiko garbikuntza sektorean mobilizazioak hasi dira ELAk eta LABek deituta. Sei hilabeteko negoziazioaren ondoren, aurrerapausorik ez dagoela salatu dute. Garbikuntza sektorea guztiz feminizatutako sektorea da, baldintza prekarioekin eta kontratu partzial ugarirekin. Hilean 1.500 euroko soldata eskatzen dute 15 ordainsaritan (22.500 euro urtean), eta lanpostu hutsen sistema objektibo bat arautzea, langileek lanaldi luzeagoak modu gardenean egin ahal izateko.
Kate multinazional handiek osatzen dute patronala, hala nola FCC, Eulen edo ISS, eta hobekuntzak egiteko tartea dute. Aldiz, negoziazioa blokeatzen ari dira, planteamendu atzerakoiak eginez eta eskubideen galera proposatuz, hala nola bajen osagarria ezabatzea. Osagarri hau funtsezkoa da aitortu gabeko dozenaka lesio eta gaixotasun profesional pairatzen diren sektorean.