Mobilizazioak egin ditu ELAk Hego Euskal Herriko hiriburuetan enplegu publikoaren kontsolidazioa aldarrikatzeko

2021/10/26
'Enplegu publikoa kontsolidatu, pribatizaziorik ez' lelopean, sektore publikoko gune esanguratsuetan egin du protesta gaur ELAk Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Zehazki, Bilboko Gran Víako Eusko Jaurlaritzaren egoitzean, Donostian Andia kaleko Jaurlaritzaren egoitzan eta Udaletxean, Gasteizen Osakidetzaren egoitza nagusian eta Udaletxean, eta Iruñean Nafarroako Parlamentuaren aurrean izango da arratsaldean elkarreratzea (ESK, STEILAS eta ATPTN rekin batera). Guztietan barrualderantz sartu eta, kartelak eskuetan eta zarata sortuz, enplegu publikoa kontsolidatu dadin eskatu dute langile publikoek.

Izan ere, une erabakigarria da Hego Euskal Herriko 70.000 langile publikoentzat (EAEn 55.000 eta Nafarroan 15.000), bi lege baitaude onartze bidean: Iceta Legea eta 2022ko Aurrekontuen Legea. Lege horiek zuzenean eragiten die lanpostu publikoei, eta ELAren ustez, honako hau bermatu beharko lukete: Euskal Herrian erabaki ahal izatea zein zerbitzu publiko behar eta nahi ditugun, baita zerbitzu publiko horiek aurrera ateratzen dituzten langileak eta beraien lan baldintzak ere. Eta horretarako, erreposizio tasak ez dira Madrilen erabaki behar, hemen baizik, eta lanpostuak kontsolidatzeko prozesu bermatzaileak ere abian jarri behar dira.

Neurri horiek, ordea, ez daude bermatuta, eta Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoek izango dute azken hitza, euren botoa beharrezkoa baita Espainiako Kongresuan legeek aurrera egin dezaten. Horregatik, ELA sindikatuak mobilizazioekin jarraituko du, langileen ahotsari bide emateko, eta pribatizazioari langa ipintzeko.