Arabako suhiltzaileak
Mobilizazioak egin dituzte Langileen Batzordeak Batzar Nagusietan hitzarmena eta plantilla handitzeko eskatzen zuen bitartean

Gaur, ekainak 27, Arabako Foru Suhiltzaileen Langileen Batzordeak (ELA eta LAB) agerraldia egin du Batzar Nagusietan zerbitzuaren egoera azaltzeko. Zerbitzuak dituen beharrak eta erronkak, eta egoerari erabateko aldaketa emateko beharra azaldu dute.
Arabako Foru Aldundiko Suhiltzaileek 8 urte baino gehiago daramatzate hitzarmenik gabe, eta EAEn lan hitzarmenik ez duen zerbitzu publiko bakarra da.
Gainera, parke bakoitzeko ezarritako suhiltzaile kopurua ez da nahikoa segurtasunaren ikuspegitik, ez suhiltzaileentzat, ez herritarrentzat. Izan ere, urteko ia heren batean 3 suhiltzaile baino ez daude parke bakoitzeko, eta kopuru hori gutxieneko kopurua baino txikiagoa da.
Era berean, salatu da hiru urte daramatzatela suhiltzaileen buruaren plaza bete gabe, hark koordinatu, bildu eta erabaki behar baititu zerbitzuaren norabidea eta estrategia operatiboak.
Egoera honetan, eta baso suteen kanpaina hasi eta egun batzuetara, 15 eguneko guardia ezarri nahi diete errefortzu gisa, urteko lanaldiaren gainetik.
Suhiltzaileen presioa eta mobilizazioa direla eta, Aldundiak oraindik ez du onartu proposamen hori.
Suhiltzaileek zerbitzu publikoa indartzeko eskatu dute, plantilla handituz, hitzarmen bat sinatuz eta inposiziorik gabe.
Mobilizazioen dinamikak aurrera jarraitzen du. Uztailean ekintza gehiago egingo dira, baina egoerak orain arte bezala jarraitzen badu, protesta egiteko moduak aldatu beharko dituzte.