Mobilizazioak egingo dituzte Zalain Transformados enpresako langileek

2016/01/22
Berako Zalain Transformados / Grupo Condesa enpresak arazo finantzarioengatik ia bi urte egoera kaskarrean daramalarik, Gabonetako aparteko pagaren %75 eta Erregetako pagaren %100 ordaindu ez izanarekin, gehi nominetan izan ohi diren atzerapenekin, jabeek lerro gorria gainditu dute. Gauza jakina da ere enpresak zorrak Zalainen lanak egiten dituzten guztiekin dituela: azpikontratak, zerbitzuak, hornitzaileak, etab.

2014ko azaroan akordioa lortu zuten Condesak, ArcelorMittalek eta bankuen partzuergo batek, hartzekodunen konkurtsoa saihesteko. 2015eko uztailean esan zigutenez, hiru alderdi horien artean akzioak bankuen partzuergoaren eta ArcelorMittalen esku jartzeko asmoa zegoen, Condesa taldearen zorrak beren gain hartzearen truke. Akordioan behar besteko hornidura eta nominen ordaina bermatzen zen, jarduera industrialarekin jarraitzeko.

Akordioa baldintzatuta zegoen: Europako Lehiaren Auzitegiak baimena eman behar zuen, beranduenera jota urtarrilaren 29rako. Badirudi operazioa aurrera doala. Zalaingo langileek ez dute ulertzen, ezta onartu ere, adostutako eta enpresaren lan hitzarmenean jasotako soldataren zati bat ez ordaintzea, areago lantegian jarduera handia denean.

Enpresa-batzordearen ustez ez ordaintzea estrategia baten baitan dator, ez hainbeste kaudimen ezagatik, tartean bankuen partzuergoa eta ArcelorMittal baitaude.

Egoera hau ikusirik, Zalain Transformados lantegiko plantillak batzar orokorrean erabaki du mobilizazioak egingo dituela, soldatak ordaintzeko eskatzeko auzitara jotzeaz gainera. Oraingoz, honakoak izango dira mobilizazioak:

Urtarrilaren 25ean, lau orduko lanuzteak txanda bakoitzean, eta batzar bana.

Batzar horietan egin beharreko ekintzak eztabaidatu eta erabakiko dira, enpresak beharrezko ordaina egiten ez badu.