Mobilizazioak eta Batzar Nagusietan agerraldia iragarri dituzte Arabako Foru Suhiltzaileek

2023/01/26
Gasteizen egin du elkarretaratzea Langile Batzordeak zerbitzuaren egoera salatu eta antolatuko dituzten ekintzen berri emateko. Hitzarmen propiorik eza, azaldu gabeko dimisioak eta EPEen kudeaketa dira kexagai nagusiak, baina ez bakarrak. Hileko bigarren eta laugarren ostegunetan egingo dituzte mobilizazioak eta otsailaren 9an agertuko dira Batzar Nagusietan.

Arabako Foru Suhiltzaileen Langileen Batzordeak, Arabako Suhiltzaileen eta erakundeko langileen ordezkari gisa, komunikatua irakurri du mobilizaziook hasteko arrazoiak azalduz. Hileko bigarren eta laugarren ostegunetan egingo dituzte mobilizazioak eta otsailaren 9an agertuko dira Batzar Nagusietan. Zuzendaritzak jarrera aldatu ezean, urrats berriak eman beharko dituztela adierazi dute ere.

Hurrengoak dira irakurri duten testuko puntu nagusiak:

• Sei urte beteko dira zerbitzua ematen hasi zirenetik eta lan hitzarmen propiorik gabe jarraitzen dute. Zuzendaritzaren borondate faltaren ondorioa dela salatu dute, negoziazioa oztopatu baino ez duelako egin nahi. Hitzartutako baldintzarik gabe, zuzenean eman ahal dituzte aginduak, lanaldiak luzatu eta lanaldi osagarrietan ordutegiak ezarri.

• Azken hilabete bietan, hiru ofizialordek eta ikuskatzaileorde batek dimititu dute. Arduradunen % 40 da hori, eta Zuzendaritzak ez du inolako azalpenik eman, ezta ordezkoak sartu direnean ere.

• Hirugarren EPE propioa egingo zela hitzartua zegoen, baina Zuzendaritzak ez du esandakoa errespetatu. Arkauteren esku utzi du Gipuzkoako Aldundiarekin batera egingo den hautaketa prozesua. Irregulartasunak salatu dituzte bai suhiltzaileek, bai Zuzkidura Buru guztiek, bai eta ofizialorde eta ikuskatzaileordeek. Baina Zuzendaritzak ez die salaketa horiei jaramonik egin.

• Bi langile talde boluntariok lana etetea lortu zuen Zuzendaritzak, barne prestakuntza bat antola zezaten.

• Lekualdatze lehiaketa modu traketsean antolatu zuten. Ondorioz sortutako arazoak langileek beraiek zuzendu behar izan dituzte.

• Ofizialordeen poltsa sortu zuen Zuzendaritzak, modu ilun eta nahasian, eta kaltetutako langileen galderak behar bezala erantzun gabe jarraitzen du.

• Dotazio Buru izatera behartu dituzte zenbait suhiltzaile, nahi ez zutela esan eta gero, gehienetan antolaketa eta aurreikuspen faltak bultzatuta.