ELIKAGAIEN MERKATARITZA
Mobilizazioak Gasteizko La Vitoriana okindegian soldata duinen alde

La Vitoriana ogia eta opilak egiten eta saltzen dituen enpresako langileek mobilizazioei ekitea erabaki dute. Gabonetan egingo dituzte, eta aurrenekoa abenduaren 28an, ostegunean, egingo dute: elkarretaratzea izango da Rioja Kaleko 20. zenbakian dagoen dendaren aurrean, Gasteizen, 18.30etan.
La Vitorianak 70 langile ditu. ELAk eta ESK-k osatutako ordezkaritza sindikalak salatu dute langileen baldintza ekonomiko kaskarrak eta zuzendaritzaren negoziatzeko borondate falta, hitzarmen kolektiboa orain sei urte iraungi baitzen. Plantillaren zati baten soldatek doi-doi gainditzen dute lanbidearteko gutxieneko soldata, eta horrek miseriazko bizi baldintzak dakartza.
Nabarmentzekoa da azken 3 urteetan 600.000 eurotik gorako irabaziak izan dituela enpresak. Beraz, onargaitza da langileen egoera. Horregatik mobilizatzea erabaki dute.