UDC Txantrea KKE - Iruña

Mobilizazioak hasi dituzte hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

2026/02/04
Mobilizazioak hasi dituzte hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko
Egungo hitzarmenean finkatuta dauden eskubideak murriztu nahi ditu zuzendaritza batzordeak, soldatak KPIaren arabera eguneratzeko baldintza gisa. Langileek elkarretaratzea egin dute Klubaren instalazioen aurrean, eta greba egunak deituko dituzte otsailaren 16tik aurrera negoziazioa desblokeatzen ez bada.

Urtebete bilerak egiten aritu dira, baina ez dute aurrerapen handirik lortu. Txantrea KKEko langileek mobilizazioei ekin diete berriro, eta hitzarmen duina eskatzeko elkarretaratzea egin dute instalazioen atarian.

Negoziazioan zehar, lan eskubideak murrizten saiatu den zuzendaritza batzorde batekin egin dute topo langileek. Ahalegin hori ez dago justifikatuta, egin nahi dituzten murrizketek ez luketelako inolako eragin positiborik izango ez klubaren kontuetan ez ematen den zerbitzuan.

Langileek une oro eskatu dute hitzartutako baldintzak errespetatzea, are gehiago kontuan hartuta beste batzuetan langileek beraiek onartu dituztela hitzarmenean murrizketak, klubak pairatzen duen egoera ekonomikoa arintzeko. Urrutira joan gabe, 2022az geroztik, langileek %12,2ko erosahalmena galdu dute.

Astearte honetan, otsailaren 3an, egin den elkarretaratzea lehen urratsa izango da, otsailaren 16tik aurrera egingo diren greba egunen deialdia barne hartzen duen mobilizazio egutegi batean.

Enpresako ordezkaritza sindikala ELAko bi ordezkarik eta CCOOko ordezkari batek osatzen dute.