Mobilizazioak transfusioen euskal zentroan langileen diskriminazio bidegabe eta anakronikoaren aurrean

2021/02/16
Euskadiko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek mobilizazioak iragarri dituzte, Osakidetzako Arreta Espezializatuko gainerako lankideen eskubideak eta lan-baldintzak parekatzea eskatzeko. Otsailaren 16an hasi dira protestak, Galdakaoko egoitzan, Jaurlaritzak aldarrikapenei erantzun ez dielako.

ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT eta UTESEk salatu dutenez, Euskadin odol- eta ehun-hornidura bermatzen duen erreferentziazko zentroa izan arren, bertako langileek diskriminazio anakronikoa eta bidegabea jasaten dute, eta ez da aitortzen egiten duten lan garrantzitsua.
Langile horiek funtsezkoak dira Euskal Osasun Zerbitzuaren barruan, eta, besteak beste, odol-bankurik ez duten ospitaleak hornitzen dituzte; Galdakaoko Ospitaleko laginak, ehunak eta hemoderibatuak kudeatzen dituzte eta Ama-Esnearen Bankuko esnea kudeatzen dute Euskadi osoan.
Plantilla guztiz integratuta dago Osakidetzako ospitale-sarean.