Mobilizazioek aurrera jarraitzen dute Arabako Esku-hartze Sozialaren sektorean, hitzarmena defendatzeko

2021/11/10
Mobilizazioen laugarren astean, Arabako Gizarte Esku-hartzearen sektoreko langileek elkarretaratzea egin dute hitzarmena defendatzeko, eta iragarri dute mobilizazioak areagotuko dituztela patronalak eta erakundeek ez badute ekintzekin sektoreko lan eta laguntza baldintzak hobetzearen alde egiten.

Hiru mobilizazio egun arrakastatsuren ondoren, Arabako Esku-hartze Sozialaren sektorean ordezkaritza duten sindikatuek (ELA-COO-LB-ESK-UGT-AISA) patronalaren proposamena jaso dute negoziazio mahaia berriro martxan jartzeko, patronalaren arabera, erakundeen finantziazio faltagatik blokeatuta baitzegoen.

Atzo, azaroak 9, negoziazio mahaiaren bilera berri horretan, AISAk planteamendu orokor bat egin zuen, zehaztasunik gabekoa eta duela hilabete baino eskasagoa. Patronalak sindikatuetako ordezkariei adierazi zien erakundeek finantzaketa bermeak eman dituztela, baina proposamena sindikatuen aldarrikapenetatik urrun dagoela, eta ez dagoela mugimendu gehiago egiteko prest. Bilera amaitzeko, patronalak negoziazio mahaian dauden puntu guztien proposamen argia eta zehatza aurkezteko konpromisoa hartu zuen.

Ondoren, sindikatuak Gizarte Politiketako diputatuarekin, Emilio Solarekin eta haren lantaldearekin bildu ziren, eta sektoreko langileek planteatutako baldintzetan hitzarmena aurrera ateratzeko borondatea agertu zuten. Zentzu horretan, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diote sindikatuek diputatuari.