Mobilizazioen azken eguna Bizkaiko Etxez Etxeko laguntza zerbitzuan, ELAk deitutako 53 greba egunei segida emateko

ELAren aldarrikapenak oinarrizkoak dira lan baldintzak eta zerbitzuen kalitatea hobetzeko: erosahalmena berreskuratzea; enpleguaren egonkortasuna (lanaldi osoko kontratuak eta mugagabeak...); bateragarritasuna hobetzea (lizentziak, zerbitzuen taldekatzea...); eta zerbitzu orduak areagotzea, gutxienez lan egindako ordu bat zenbatuta, iraupena laburragoa izan ala ez.
ELAren ustez, onartezina da udal askok zerbitzuak murriztea, lanaldi partzialen igoerarekin edo lizitazio publikoak bihurtu diren enkanteekin permisiboak izatea. Are larriagoa dena, sektoreko patronal nagusiak, 2018 eta 2020 artean 1.5 milioi euroko irabaziak izan ondoren, %3ko soldata igoera eskaintzea, erosahalmenaren galera %11.20koa denean.
Horregatik guztiagatik, ELAk mobilizazioaren aldeko apustua egiten jarraituko du, zaintza zerbitzuan erabateko aldaketa eskatzeko eta herritarrei kalitatezko gizarte zerbitzuak ematearen alde egiteko, langileen lan baldintzak eta osasuna hobetuz.