Movistarreko azpikontraten langileen 'Marea Urdina' mobilizatuko da Iruñean gaur arratsaldean

2016/12/23
ELAk Elecnorren mendeko kolektiboa babesten du eta bere prekarietatea salatzen du ekintza deigarri batekin, gaur Telefonicako egoitza zaharrean (19:30an, Zezen Plazan).

Movistarren menpekoak diren azpikontratatutako enpresatan lanean dauden langileak  mobilizatuko dira. Gaur izango da hori, abenduak 23, 19:30etan Movistarren dendaren aurrean (lehengo Telefonica zena / Iruñean (Nafarroako Amaya eta Kortes kaleak gurutzatzen diren tokian). Sektore honek bizi duen prekarietatea salatzeko estatu mailan ere aurrera eramango den kontzentrazio egutegiaren baitan kokatzen da mobilizazio hau. Nafarroaren kasuan, Elecnor da kolektibo honi lana ematen dion azpikontratatutako enpresa. Era berean, Madrilen 2015ko maiatzaren 5ean adostutako akordioak betetzea exijituko da ekintza deigarri baten bitartez. Ekintza hori gauzatzeko, “Marea Urdina” izenekoak hilabete luzez egindako aldarrikapen-ereduan oinarrituko gara.

ELAk deialdi hau babesteaz gain, azpimarratu nahi dugu Movistar aberasten ari dela zerbitzuak azpikontratatuz. Honek, ondorio argia izan du: langileen lan baldintzen prekarietatea handituz doa.

Esan beharra dago gainera, lotura zuzena dagoela prekarietatea eta lan-istripuen artean. Horren adierazle dira hile honetan bertan, Logroñon zein Madrilen gertaturiko bi lankideen heriotzak. Biak hil dira, langileen bizitzaren gainetik, etekinak jartzen dituen enpresa politikaren ondorioz.

ELAk Movistar enpresari exijitu dio (Elecnorri Nafarroaren kasuan), 2015eko maiatzaren 5ean Madrilen eskuratutako akordioak betetzea. Esan beharra dago, akordio horiek nahikoa ez badira ere, inplikatutako enpresek ez dituztela ezta akordio horiek ere bete nahi izan. ELAk Marea urdinak ezarritako helbururen aldeko apustua egingo du eta bere egiten ditu gainera helburu horiek. Era berean, ELAk lan egingo du sektore horretan presente den prekarietateari aurre egiteko. Zentzu horretan, kontratetako, azpikontratatutako enpresetako eta telefonia sektoreko edozein langilek pairatzen duen edozein erasori erantzun egingo dio.