Mundu jasangaitza

2002/09/16
Johannesburgen izan den Lurraren Goi-Bileraren porrota. Hutsunean geratutako helburuak
Irailaren 4an amaitu da Johannesburgen hamar egunez izan den Garapen Jasangarriari buruzko Mundu goi-bilera (Lurraren Goi-bilera izenez ere ezaguna). Bere emaitza Ekintza Plan bat dugu, baina agiri honen izenak ez dauka errealitatearekin zerikusirik, ez baitu pobrezia borrokatzeko eta ingurumenaren egoera gero eta okerragoa zuzentzen hasteko konpromiso zehatzik jasotzen. Fruitua horren urria izan delarik, sindikalista, ekologista eta gobernuz kanpoko erakundeetako kideek erabili dituzten hitzak ‘porrota’ eta ‘etsipena’ izan dira. HUTSEAN GERATUTAKO HELBURUAK Gobernuz kanpoko erakunde, sindikatu eta beste hainbat talde sozialen aburuz Johannesburgeko goi-bilera munduaren garapen eredu jasangarriago baterantz urratsak egiteko baliatu beharra zegoen. Izan ere, mahairatu ziren gaiek erabateko garrantzia dute: - Pobrezia amaitzea, baliabide naturalentzako babesa, garapen jasangarrirako politika, globalizazio jasangarria, epe luzean eutsi ezineko ekoizpen eta kontsumo ereduen aldakuntza, eta Afrika zein munduko beste eskualde batzuetarako osasuna. - Rioko Adierazpena eta –tokian-tokiko helburu legez– 21 Agenda zenbateraino bete den aztertzea, baina agiriok ez helmugatzat hartuta, abiapuntu gisa baizik. - Garapen jasangarria bultzatzeko Ekintza Planaren onespena. - Onartzen den Ekintza Plana gauzatzeko ekinbideak. - Ekintza Planaren arrakasta ekarriko duen jarrera orokorra lortzen saiatzea. - Hobekuntzarako bideak urratzeko ekoizpen eta kontsumo moduen azterketa. - Munduko agintariek garapen jasangarriarekiko konpromisoa berresteko adierazpen politikoa egitea. - Azken aldian hasitako garapen jasangarrirako estrategien azterketa, estatu eta eskualde desberdinetan (adibidez, Europako Batasunean). - Garapen jasangarriaren esparruan mundu mailako politika egokiagoa bultza eta berori enpresen mundura eramateko aukerak eztabaidatzea. Alabaina, hori guztia hutsean geratu da, goi-bileran ELAren ordezkari izan den Iñigo Sagarnak dioen moduan: “Johannesburgen bildutako 190 estatutako buru, presidente eta ministroak ez dira munduaren arazoei erantzun zehatz eta sinesgarriak emateko gauza izan. Johannesburgeko goi-bilera oztoporik gabeko merkataritzari bidea emateko hitzordua bihurtu da. Multinazional eta enpresa handiek orain arte bezala lasai asko jarraituko dute globalizazio neoliberalaren mende jarritako mundu honetan”.