Munduko Gizarte Foroak eredu ekonomikoak porrot egin duela dio

2009/01/30
ELAren ordezkaritza bat Munduko Gizarte Forora joan da. Ordezkari-buruak Mikel Noval —Gizarte Politikaren arduraduna— eta Saioa Igeregi —Nazioarteko Saileko kidea— izan dira, eta urtarrilaren 27tik otsailaren 1a arte Belém-en (Brasil) izango dira Foroan parte hartzen.

Gizarte Foroa eta Davos-ko Ekonomia Foroa aldi berean egingo dira, eta lehenengoa bigarrenari emandako erantzuna da. ELAko ordezkarien iritziz “orain jokoan duguna da ea zein gailentzen den: munduko sistema ekonomikoa, neoliberalismoan oinarritua edo, bestela, herritarren interesak, eta hortaz, eskubide sozial garatuagoak eta aberastasunaren banaketa hobea”.

ELArentzat, Davos-ko bilera oraingo krisia ekarri dutenen bilera da. Horiek dira oraingo egoera sortu dutenak, eta lehen erabilitako politika berak erabili nahi dituzte berriro, nahiz eta ondorioz enplegua murriztu, prekarizatu edo eskubide sozialak urritu. Hala ere, ELAk itxaropen-esparrua ikusten du Munduko Gizarte Foroan, han argiago ikusten baita milioika pertsona daudela mundu osoan sistema honen ondorio txarrak pairatzen. Horiek guztiek badakite borrokarik gabe ez dagoela zer eginik, ez dagoela politikak aldatzerik.

ELAren ustez, beharrezkoa da aberastasuna zuzenago banatzea, enplegu gehiago sortzea, prekarietatea ezabatzea, eskubide sozial gehiago onartzea, eta politika fiskala bidezkoagoa eta solidarioagoa izatea. Pentsamolde horiek eraman dituzte sindikatuko ordezkariek Forora, han denen artean eztabaidatzeko.