Muñoz: “100 urte igaro dira, baina sindikatua inoiz baino beharrezkoagoa da”

Muñozekin batera, Amaia Muñoak, idazkari nagusiaren-albokoa, eta Patxi Agirrezabalak, komunikazio arduraduna, hartu dute parte aurkezpenean. Amaia Muñoak adierazi du, orain ehun urte bezala, sindikatua abertzalea eta klasekoa izaten jarraitzen duela, horiek baitira ELAren bi oinarriak.
Manu Robles-Arangiz Instituarekin batera, ELAk egitarau zabala prestatu du mendeurrena ospatzeko, mota guztietako jarduerak bilduko dituena. 2011 osoan zehar zabalduko den programari hasiera emateko, martxoaren 17an, osteguna, Riccardo Petrellak globalizazioa, krisia eta hazkunde iraunkorra izango ditu hizpide EHU-UPVk Bilboko Abandoibarran duen Paraninfo berrian.
Riccardo Petrella, (La Spezia. Liguria 1941) ekonomilaria eta politogoa da. Europear Batasuneko Kontseilaria ere bada, globalizazio eta informazioaren gizarteko irakaslea Lovainako Unibertsitatean. Globalizazioaren aurkako aditua.
Sindikalgintza berritzeko aukerak eta gaitasuna
Petrellarena ez da egongo den hitzaldi bakarra. Ekainaren 8tik 10era aspaldiko bi lagun izango dira urtero Manu Robles Arangiz Fundazio Institutuak UNED-Bergararekin elkarlanean antolatzen dituen udako ikastaroetan: Christian Levesque eta Gregor Murray, Montrealgo (Quebec, Kanada) Lanaren eta Mundializazioaren Unibertsitate-arteko Ikerketa Zentroko ikertzaile eta koordinatzaileak.
Urte osoa iraungo duen erakusketa ibiltaria ere antolatu da. Erakusketa eskualde guztietara zabalduko da. Lehen hitzordua apirilaren 4tik 8ra bitartean izango da, Oria-Goierrin.
Mendeurreneko ekitaldi nagusia ekainaren 11n izango den arren, udararen ostean ere jarraituko dute ekimenek. Horrela, bi liburu aurkeztuko dira. Lehenak ELAren historia II. Errepublikan biltzen du, eta Dario Dansel italiarraren doktore-tesia du oinarri. Bigarren liburuaren egilea German Kortabarria da, eta 1976. urtetik aurrerako ELAren ibilbidea aztertzen du.