Muñoz: “Aintzat hartu behar da gehiengo sindikala une hain latzean egiten ari dena”

15.000tik gora lagunek hartu dute parte gaur goizean gehiengo sindikalak Maiatzaren Lehena ospatzeko Bilbon deitutako manifestazioan. Adolfo Muñoz “Txiki” ELAko idazkari nagusiak nabarmendu egin du gehiengo sindikalaren lana, hau “une oso latzean, zailtasun handiak dauden honetan, alternatibak aurkeztu eta mobilizatu” egiten baita.

Muñozek egoera politikoa ere aipatu du, eta defenditu egin du indar politiko guztiek eskubidea dutela  udal- eta foru-hauteskundeetan parte hartzeko. “Guztiak egon behar dira, ez bat gehiago, ez bat gutxiago”. Indar politiko guztiek daukate beren alternatiba defenditzeko eta hauteskundeetan egoteko eskubide bera. Bildu ez badago, ardura Espainiako gobernuarena izango da, berak inpugnatu baititu hautagai-zerrendak”.

ELAko idazkari nagusiak errepikatu du krisiaren jatorria “aberastasunaren banaketa injustuan, kapitala pilatzean eta espekulazioan”.

Hain zuzen, Muñozek gobernuek kargu hartu die “defizita eta zor publikoa handitu egin baitute lotsagabe batzuk salbatzeko, eta gero argudio hau erabiltzen dute eskubide sozialak murriztu behar direla esateko”.

Irakurri hitzaldia