Muñoz: “Antolakuntza eta mobilizazioa beste biderik ez dugu lan erreformari aurre egiteko

2012/03/21
Muñoz: “Antolakuntza eta mobilizazioa beste biderik ez dugu lan erreformari aurre egiteko
ELAko idazkari nagusiak sindikatuaren antolakuntza aldarrikatu du egoera gogor honetatik ateratzeko. “Lan erreforma honi eta datozen hilabeteotan etorriko diren murrizketei aurre egiteko mugimendu sindikalak bere erroetara jo behar du, antolakuntzara eta sindikalizaziora” Muñozen esanetan, lan erreformak “egungo negoziazio kolektiboa hankaz gora jarriko du eta erronka honi aurre egiteko prest egon behar du sindikatuak”.

ELAko idazkari nagusiak eta Joseba Villarrealek, negoziazio kolektiboko arduradunak, arlo honetan emango diren aldaketak azaldu dituzte Donostian. Villarrealek adierazi du erreformak arau garrantzizkoak bertan behera uzten dituela. “Ez da ezer salbu. Ultra-aktibitatea (hitzarmena luzatzeko aukera berria negoziatu bitartean), hitzarmen probintzialak edo-eta sinatutako hitzarmenen aplikazioa indargabetzen ditu erreformak”.

Muñozek, bere aldetik, sindikatuaren beharra aldarrikatu du egoera latz honi aurre egiteko, eta datorren martxoaren 29ko greba orokorra arrakastatsua izango dela berretsi du.