Muñoz: “Denbora gutxi barru beste lan erreforma gogor bat izango dugu”

2013/05/13
Muñoz: “Denbora gutxi barru beste lan erreforma gogor bat izango dugu”
Adolfo Muñoz “Txiki”ren iritziz, aurreko lan erreformarena bezala, erreforma berriaren helburua soldatak jaistea izango da, enpleguaren suntsiketa erraztearekin batera. “Bide hori, bidegabea izateaz gain, ez du inolako eraginkortasunik. Erreforma berriak langabezia eta gizarte-desorekak areagotuko ditu”, gaineratu du ELAko idazkari nagusiak.

Muñozek ere azaldu du sektorea jada ez dela derrigorrez bete beharreko gutxienekoa, eta negoziazio kolektiborik izango bada, –egiaz izen hori merezi duen negoziaziorik–, antolaketa sindikala dagoen esparruetan izango dela. Egoera honetan, gaineratu du Muñozek, “akordio interprofesionalak bilatzen duen legitimitatea emango lioke patronalari, enpresen esparruan nahi duena egiteko modua izan dezan”.

Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusiarekin batera, Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduraduna, eta Aimar Kortabarria, zerbitzu juridikoetako kidea, izan dira gaur goizean Bilbon Eusko Jaurlaritzak sortutako Batzorde Teknikoak landutako txostenaren inguruko balorazioa egiteko emandako prentsaurrekoan.

Erreformaren xedea soldatak murriztea eta defentsa kolektiboa ahultzea dela azaldu eta gero, Villarrealek azpimarratu du patronalak azken muturreraino eraman nahi duela ultraktibitatearen xantaia, langabezia masiboa disziplinarako arma bihurtuz. ELAri ez zaio egokia iruditzen zuzenean azterketa tekniko-juridikoa egitea aurrez analisi politikoa egin gabe.

ELAko arduradunen hitzetan mugimendu sindikalak aurrekaririk gabeko egoera gogorrari aurre egin behar dio. Legea, batetik; langabeziak sortzen duen diziplina sozial zorrotza bestetik; eta patronala pribilegiozko lekuan sendotu duen oreka guztien haustura azkenik. Sindikalismoaren oraina eta etorkizuna bermatuko bada, ezinbestekoa da lantoki bakoitzean langileekin lotura zuzena izatea eta ondo antolatzea.

Ikusi bideoa