Muñoz: “Egungo baldintzetan ez dago inolako aukerarik elkarrizketa sozialari ekiteko”
Elkarrizketa sozialerako mahaia "desnaturalizatuta" dagoela-eta, ELA "ez da joango" mahai horretara: "Ezinezkoa da elkarrizketa sozial deitzea 1.200 milioi euroko murrizketei". Edonola ere, Jaurlaritzarekin "nahi duenaz" hitz egiteko prest azaldu da Muñoz.
Muñozek berretsi egin du –eta horrela jakinarazi zion Lehendakariari– “fiskalitatearen inguruko eztabaida hil ala bizia dela une honetan”. Era honetan, patronalak gai honetan eta beste hainbatetan Jaurlaritzaren babes osoa duela gaitzetsi du.
“Patronalek nahi duten guztia lortzen dute administrazioetatik, baita soldatetan ematen ari den beherakadaren kasuan ere. Jaurlaritzak zerikusi handia du arlo publikoan ematen ari den beherakadarekin; gainera sektore pribatuak jarrera hori adibidetzat hartzen du bide beretik jarraitzeko”.
ELAko idazkari nagusiak azpimarratu du patronala gezurretan ari dela ultraaktibitatea ez aplikatzeko neurriak edo kaleratzeen aurrean 45 egunetako indemnizazioak legearen aurkakoak direla esatean. “Patronalek ez dute negoziatu beharrik eta gezurretan ari dira. Aldiz, gobernuek nahi duten guztia ematen diete”.
ELAko idazkari nagusiak Lehendakariari eskatu zion egoera gogor honetan herritarren interesen defendatzen ahalegintzen diren erakundeak errespetatu ditzala.