Muñoz: “Elkartasuna zerga-sistemaren bidez finantzatu beharra dago”

2011/09/20
ELAk gobernu-ekintzarako proposamenak jasotzen dituen txostena igorri die foru-aldundiei; bertan, besteak beste, fiskalitatearen eta gizarte-politikaren inguruan gure sindikatuak egiten duen hausnarketa jasotzen da.

ELAk urteak daramatza politika publikoak errotik aldatu behar direla aldarrikatzen. Foru-Aldundiek aldaketa honekiko eginbehar handia daukate; izan ere, eskumen garrantzitsuak dituzte, batik bat fiskalitatea (zergak kudeatzeko ahalmena eta zenbait zergatan arauak ezartzekoa, esaterako PFEZean, Sozietateen Zergan zein Ondarearen gaineko Zergan), baita gizarte-zerbitzuen funtsezko xehetasunak ere.

Adolfo Muñoz, Txiki, idazkari nagusia, Mikel Noval, arlo sozialeko arduraduna, eta Idoia Intxaurbe, bulego teknikoko kidea, izan dira gaur Bilbon aipatu proposamenak aurkezteaz arduratu diren lagunak. 

Adolfo Muñozek salatu duenez, fiskalitateari dagokionez orain arte soilik enpresarien nahiak hartu dira kontutan. “Fiskalitatearen inguruko eztabaida egiteke dago, eta eztabaida hau benetakoa izan dadin iruzurra eta zerga-sistema aztertu beharra dago, bere osotasunean. Ildo honetan, gezurra da zergak igota enplegua suntsituko dela. Alderantziz: erakunde publikoek arlo sozialean gastatzeko diru gehiago izango dute eta enplegu berria sortuko da”.

Bestalde, Mikel Novalek nabarmendu duenez, gizarte-ereduari dagokionez Hego Euskal Herriaren eta Europako Batasunaren artean bi desberdintasun handi daude: gizarte-babes eta presio fiskal maila askoz baxuagoa. Bi kontuok guztiz lotuta daude.

“Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-babesera bideratzen diren baliabide ekonomikoak Barne Produktu Gordinaren %19 dira; Europako Batasuneko batez besteko maila, berriz, %27an dago. Alde hori dirutan urtean 5.200 milioi euro dira. Bestalde, presio fiskala BPGaren %31 da, eta %41 EBko batez bestekoan. Desberdintasun hori urtean 6.400 milioi euro dira”.

 

irakurri txostena