Muñoz “Espainiar sindikatuak, edozer onartzeko prest”

Adolfo Muñoz “Txiki”k salatu du erretiroen murrizketak egiten diren bitartean, patronalari kuotak ez ordaintzeko erabakiak hartzen direla.
ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuetako ordezkariak bat etorri dira espainiar sindikatuak Madrilen CEOErekin eta Zapateroren gobernuarekin lortutako akordioa salatzerakoan. “Uko egin diete langileon eskubideei, eta beraiengan jarritako itxaropenak zapuztu dituzte”.
Muñozen iritziz, bi sindikatuen finantza-autonomia ezak zerikusi handia du sinatutako akordio honekin.
ELAko idazkari nagusiak esan du “Espainiako sindikatuak edozer onartzeko prest daudela” eta Moncloako itunaren antzeko akordio handi baten aurrean gaudela. Akordio berri honek negoziazio kolektiboaren erreforma ekarriko duela aurreratu du ere.
“Erreforma berri honen helburua bikoitza izango da: Alde batetik, UGT eta CCOO sindikatuek ordezkaritzaren monopolioa bilatu nahiko dute eta, bestetik, patronalak soldatak jaitsi ahal izango ditu. Negoziatzeko esparrua eta gaiak aukeratzeko posibilitatek bertan behera geratuko dira”.