Muñoz: “Euskal Herriko langileek hitzarmenak hemen negoziatu ahal izatea defendatzen dugu”

2011/06/23
Bi mila ordezkari inguru elkartu dira Donostiako Gasca polikiroldegian lan hitzarmenaren erreformari ezetza emateko. Ondoren, ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuetako ordezkariak manifestazioa egin dute. Adolfo Muñoz “Txiki”, ELAko idazkari nagusiaren hitzetan “negoziazio kolektiboaren erreforma enpleguaren eta soldaten aurkako ekimena da”.

Muñozek adierazi du, erreforma presaka onartu nahi dutela eta erreforma laborala bezalaxe udan garaian gauzatuko dutela. “Zer eta non negoziatzen den aukeratu ahal izatea autonomia kolektiboarekin batera doa. Erreforma honek aukera hori galarazten du, lurralde-esparruak zalantzan jartzen ditu –probintzial izenekoak– eta estatu mailakoari ematen dio erabakimena. Guztia horren menpe jartzen da. Monopolioa lortzeko obsesioa medio, CCOO eta UGT oso pozik daude”.

ELAko idazkari nagusiak gogor jo du Eusko Alderdi Jeltzalearen aurka. Izan ere, prozesu guztian EAJ-PNV ez du deitu. « Dei bat bera ere ez. Madrilen euskal sindikalismoaren lan-esparrua arautzen ari dira, baina EAJk ez du gurekin hitz egin; ez du mezu bat ere igorri. Ez da harremanik izan ez ELArekin, ez LABekin, ez gehiengo sindikaleko beste inorrekin ere. Hau ere alderdi politikoei ote dagokie, eurei bakarrik? Horrelako zerbait euskal sindikalismoarekin hitz egin gabe erabaki ote daiteke? Politika egiteko era hau ezin da onartu”.

Muñozen iritziz, “oso larria da EAJk Dekretuaren bozketan abstentzioa egitea. Oso larria da, eskubideak urratzen dituelako eta babesten duelako Madrilen erabakitzea non eta zer negoziatu ahal izango dugun. Benetan larria da eurekin izandako bileraren ondoren –erreformari buruz gure Nazio Batzordeak egin zuen ebazpena eman genien– emandako hitza jatea, informatuta edukiko gintuztela esan baitzuten. Ezta dei bat ere. Badakite zertan dabiltzan; klase-posizio bat defenditzen dute, patronalaren interesekin bat datorren posizioa”.

Irakurri hitzaldia