Muñoz : “Euskal sindikalismoaren aliantza defenditzen dugu esparru sindikal, sozial eta politikoan lan egiteko”
2012/06/22
Adolfo Muñoz “Txiki”k ELA eta LAB sindikatuen arteko aliantza aldarrikatu du gaur goizean Iruñean. ELAko idazkari nagusiak LAB sindikatuaren 8. Kongresuan hitz egin du. Bere hitzetan, “diagnostikoa partekatzea inportantea da abiapuntu moduan. Hori esanda, eta langileen interesen aldeko indarra eta eragina bildu nahian, euskal sindikalismoaren aliantza defenditzen dugu esparru sindikal, sozial eta politikoan lan egiteko”.
Muñozen iritziz, “gure gizartean alternatiba soziala eraikitzea oso zaila da, eta euskal sindikalismorik gabe, erabat ezinezkoa. Eta eduki sozialik gabe sinesgarritasuna falta zaio burujabetzari; gure jendeak ez du horretan sinistuko”.
Bestalde, botere ekonomikoaren eta politikoaren adostasuna nabarmendu du. “Esparru guztietan, kapitalak eskatzen duena politikak ontzat ematen du eta horrela... oreka guzti guztiak apurtzen dituzte. Europan existitzen zen sozialdemokraziarik ez dago, desagertu egin da, hauteskundetarako marka gisa izan ezik. Laburbilduz, unilateralismo neoliberal batean gaude kapitalak kontrolpean duelako ia politika guztia”.