Muñoz: “Gizartearen erabateko pobretzearen bidean gaude"

ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek Bilbon egindako prentsaurreko batean azpimarratu duenez babes sozial eza eta prekarietatearen gorakada langabeziarekin lotuta daude. "Hiru kontratu prekariok ez dute garai bateko kontratu duin bat osatzen". Bere esanetan kapitalak eta gobernuek erabateko pobreziara garamatzate eta honen aurrean mobilizatu beharra daukagu.
Adolfo Muñozekin batera, Azterketa Bulegoko kide Julene Gabiola eta Iñaki Zabaleta izan dira prentsaurrekoan. Hirurek langabeziaren inguruan hausnartu dute.
ELAk emandako datuek erakusten dute langabezia-tasa %16,5ekoa dela, azken hiruhilekoan 0,3 puntu hazi ondoren. Langabezia tasa, beraz, 1,1 puntu handitu da azken urtean. Bitartean, Europar Batasuneko langabezia tasa %11koa izan da irailean.
Bestalde, joan den irailean (hil honi buruzkoak dira argitaratutako azken datuak), Enplegu Zerbitzu Publikoaren zerrendetan langabe gisa izena emanda zeuden 226.893 pertsonetatik 113.315ek ez zuten prestaziorik jaso. Beraz, langabeen %49,9ak ez du prestazio, ez laguntza bat ere jasotzen.