Muñoz: “Greba arrakastatsua izan da, eta langileek badakite hori”

2010/07/01
Gehiengo sindikaleko ordezkariek ekainaren 29ko greba orokorraren balantzea egin dute. Sindikatuok grebaren jarraipen handia azpimarratu dute, eta mobilizazioekin jarraitzeko asmoa aurreratu dute lan-baldintzen defentsan.

Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak adierazi du grebarekin langileria indartuta atera dela aurrerantzean eman beharko diren borroka gogorretarako. “Datozen hilabeteak oso gogorrak izango dira, enpresariek gobernuen laguntza osoa izango baitute langileen eskubideen aurka jotzeko”.

ELAko buruaren ustez langileen kaleratze erraza eta merkea lortu ondoren, enpresariek lan hitzarmena ez betetzeko erraztasunak dituzte jomugan; erreformaren inguruko Espainiako Kongresuko eztabaidetan hori izango da jokoan. “Ez dugu ezer onik espero, gehiengoa osatzen duten talde parlamentariek eskuinera jo dute eta lan hitzarmenak ez betetzeko erraztasunak emango dituzte. Ez dugu inolako zalantzarik ”.

Era honetan, Muñozek Lopez Lehendakariaren arinkeria salatu du: “Egiten duen guztia antzerki hutsa da. Berak badaki ez duela ezer agintzen, egiten duen guztia antzerkia dela eta botere ekonomikoen esanetara dagoela”.

Muñozen hitzetan Lopez Lehendakariak azken orduetan grebari buruz egin dituen adierazpenak “sindikalismoaz eta ekonomiaz ezer gutxi dakiela erakusten dute. Alderantziz, futbolaz jantziago dagoelako nabarmendu da”.