Muñoz : “Greba eskubide sozialei egiten zaizkien erasoen tamainakoa da”

2011/01/13
Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak kargu hartu die UGT eta CCOOei, pentsioak murrizteko antolatu den antzezpenean parte hartzeagatik. Muñozek gehiengo sindikaleko beste ordezkariekin agerraldi publikoa egin du Hego Euskal Herrian urtarrilaren 27rako deituta dagoen greba orokorraren berri emateko.

ELAko idazkari nagusiaren aburuz, “espainiar sindikatuekin eta Zapateroren gobernuko hainbat ministrorekin Madrilen antolatu den antzezpen handi horrek helburu bakarra du, langile-klasea desmobilizatzea, azken 35 urteetan ikusi gabeko eraso latz honi erantzun ez diezaion”.

Hain zuzen, Muñozek esan du Zapatero eskuinarekin akordio bat lortzeko ahaleginetan ari dela, “kapitalak eta enpresaburuek eskatzen dioten gizarte-politika” aplikatu ahal izateko; gainera, gogoratu duenez, Toledoko Itunak gomendatu egin du pentsio-plan pribatuei onura fiskalak ematea, eta “hau ezin da onartu”.

“Hain justu –nabarmendu du Txikik– patronalak gobernuari gizarte-kotizazioen jaitsiera exigitu dio”.

Bestalde, PSOE, PP, UPN, CIU eta EAJ-PNV alderdiak bat datozela murrizketekin salatu du.

ELAko idazkari nagusiak berretsi du gehiengo sindikalak pentsioen murrizketaren kontra deitu duen greba orokorra “koherentea eta eskubide sozialei egiten zaizkien erasoen tamainakoa” dela.

Adolfo Muñoz “Txiki”k aurreratu du Galiziako CIG sindikatuak ere greba orokorra deitu duela urtarrlaren 27rako.