Muñoz:“grebak sindikalismo aldarrikatzailea indartu du”

2009/05/26
Orain proposatzea, sindikatuen asmoak gizarteratzea eta mobilizatzea tokatzen dela, esan du ELAko idazkari nagusiak.

Adolfo Muñoz “Txiki”ren esanetan grebak sindikalismo aldarrikatzailearen posizioa indartu du eta, aldi berean, argi utzi du botere politiko eta ekonomikoek ez gaituztela kontrolatzen.

ELA, LAB, EILAS, EHNE, ESK eta Hiru sindikatuek deitu zuten lehengo osteguneko greba orokorra "arrakastatsua" izan zuela adierazi dute Bilbon emandako prentsaurrekoan.

Sindikatuetako ordezkariek salatu egin dute Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bultzatzen ari den elkarrizketa soziala, "iruzurra delako, ez baitu edukirik", eta mobilizatzen segituko dutela hitz eman dute. "Gobernuak dena ematen dio patronalari, elkarrizketa sozialeko mahaiaren bilera deitzen du gero, patronalak beto eskubidea du eta sindikatuen proposamenek ez dute hortik irteten".

Muñozen iritziz greba honek agerian utzi du botere ekonomikoek eta Gobernuek duten blindaje korporatiboa. “Guztiek bat egin dute greba orokorra deitu genuen sindikatuen aurka, bestelako politikak eta eredua aldarrikatzen dugunon aurka. Hori oso argi gelditu da, eta ez dirudi etorkizunean aldatuko denik”.

Aldarrikatzen duen sindikalgintza bakarrik dagela eta bakardade hori aukera bilakatzen saiatu behar dugula, azpimarratu du.

“Greba egin nahi izan ez duten horiek irudikatuta gelditu dira. Grebak ez du gobernuen politiketan eta patronalaren xantaian aldaketarik ekarri, baina norabide zehatz bat erakutsi digu. Proposatu, sozializatu eta mobilizatu. Hori da gakoa. Kanpaina osoan zehar gure proposamenak mahai-gainean utzi ditugu. Hurrengo urratsa proposamen horiek ahalik eta gehien zabaltzea da”, adierazi du.